Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Sariak

Zientzia eremuan goi karguak eskuratzeko eta oinarrizkoa den finantzaketa lortzerakoan emakumeek gizonen aldean dituzten zailtasunak eta oztopoak nabarmendu dituzte ikerketek

Bi, eta zero. Urriko lehen egunetan banatu ohi dira Nobel sariak eta lerro hauek idazterako banatu dituzte bi arlotakoak: Medikuntzakoa eta Fisikakoa. Bost gizonezkori eman diete jada zientzia eremuan sona handiena duen saria; emakumerik ez da gehitu zerrendara, zientzia sariketek zientziak berak baino gehiago baztertzen dituelako akaso. Egin kontu, 1901ean lehenengoz banatu zirenetik 222 pertsona saritu dituzte medikuntza arloan eta horietatik 12 baino ez dira emakumezkoak izan. Deigarria da, kontuan hartuta, gure inguruan osasun arloko ikasketetan, zenbakietan erreparatuz bederen, emakumeak direla nabarmen gehiago eta aditu batzuk osasun arloaren feminizazioaz ere mintzo direla. Egin, egiten dute eta eragin, baina eragin hori ez da ezagutzen. Zientziari lotutako beste Nobel sarietan egoera are eta okerragoa da. Fisikan, 219 sari eman dituzte, atzokoak barne, eta soilik lau emakumek jaso duten baten bat; Kimikan 186 saritu dira, zazpi emakume; eta Ekonomiako Nobel saria 86 pertsonak jaso dute eta bi baino ez dira emakumeak izan.

Suediako Zientzien Akademiako idazkari nagusiak, Gorän Hanssonek, orain egun gutxi eskainitako elkarrizketa batean bere erakundearen erantzukizuna arindu eta sari hauek jasotzen dituzten pertsonek aurretik proposatuak izan behar dutela adierazi zuen eta, noski, emakumeek ez dutela gizonek adina izendapen jasotzen. Galdera bat: Zeini eskatzen diete proposamen horiek egiteko? Agian pistaren bat emango luke. Zientzia eremuan goi karguak eskuratzeko eta aurrerapen zientifikoak egiteko oinarrizkoa den finantzaketa lortzerakoan emakumeek gizonen aldean dituzten zailtasunak eta oztopoak nabarmendu dituzte ikerketek eta akaso horiei eta ia oharkabean gertatzen diren beste arrazoi batzuei erreparatzea lagungarri litzateke Hanssonek ia harriduraz eta etsipenez aipatzen duen fenomenoa ulertzeko. Behetik gora edo, nahi bada, goitik behera edota ezker edo eskuin, borondaterik bada, arazoa erpin anitzetatik aztertu beharko litzateke, nork bere erantzukizunak hartuta eta hitzak eta ekintzak uztartuta.

Bilatu