Azkar eta traketsago prestatutakoa batzuetan, patxadaz eta su geldoagoan egindakoa besteetan, norberaren edota bizilagun edo senitartekoren baten etxean. Nire sasoian gutxiengoa zen, nire ikastetxean behintzat, jangelara joaten zena; izatez, jada koskortuak ginela jarri zuten, eta ordurako nola edo hala moldatzen ikasia genuen. Inguruari begiratuta, egun egoera guztiz bestelakoa dela esango nuke, eguerdiko jatordua eskolan egiten baitu gehientsuenak. Bizitzako eremu desberdinak bateragarri egiteko ezinbestekoa baita askorentzat haurrek bazkaria eskolako jangelan egitea. Horregatik, azken aste eta egunetan haurrei banatzen zaien janaren inguruko albisteek kezka eta haserrea sortu dute eskola komunitateko kideen artean, lortzen zailak eta galtzen errazak diren konfiantza eta lasaitasuna zapuztu dizkietelako.
Gurean zortedunak gara, txikien eskolan aspalditik sukaldea dagoelako, eta nahiko luketen hura ez akaso, baina garrantzitsua den osagaia erabilita prestatzen delako jana: mimoz. Egun batzuetan goizean eskolara sartzerako atzeman daiteke su geldoan erregosten ari den tipula edota bazkarirako prestatzen ari diren dilisten usaina. Ikastetxean orain urte mordoxka egondako ikasle ohiek sukaldariak gogoratzen dituzte, baita goxotasunez eta oso gozo prestatzen zizkieten marmitakoak edota garbantzuak; tartean, bateren batek aipatu izan ditu gustuko zituela jakin eta errepikatzeko izan zezan sukaldariak gorde ohi zizkion natillak.
Horregatik, gero eta ikastetxe gehiago dira sukaldea eskatzen ari direnak; baina zein sutan eta nola egiten den garrantzitsua bada, menua eta hura osatzen duten osagaiak ere zaindu beharrekoak dira, neska-mutilentzat osasuntsuak ez ezik, inguruarentzat ere hala izan daitezen. Ekoizpenean ari diren herritarren produktuak, folklore kutsua duten ekitaldi eta kanpainetatik harago, eguneroko plateretan txertatzea da hurrengo helburua. Hari-mutur ugariko gaia, beraz, aspaldian egosten hasi eta azken gertakariek berriz ere borborka beharko luketena.