Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zer bilatu eta zertarako

Datuen nahaspilan, ezkutuan gera daitezke jakiterik nahiko ez genituzkeenak, egin genituenen arrastoak, baina bila daitezke; hor daude horietan arakatu nahi dutenentzat.

Gogoan dut 36ko gerra lehen pertsonan bizi eta sufritutako agure nafarrak herrian gertatutakoez egin zidan kontaketa; bezperan zer egin zuen edota zer jan zuen gogoratzeko zailtasunak zituela onartu zidan irribarretsu baina, era berean, haurtzaroan bizitako hainbat pasadizo xehetasun osoz eta gordin kontatu zituen, parean jarritakoa ezinbestean atzera bidaian jarrita. Kontakizun bizi eta krudelean, akordatzen naiz izen eta abizen ugari aipatu zituela eta esan zidala askok herritik ihes egin behar izan zutela beldurrez eta bakar batzuek geroago, egindakoaren pisua bizkarrean zeramatelako. Noski, azken hauetan ingurukoak bestelako gozamenez aipatu zituen; oroitzapenak kapritxosoak direlako eta badutelako gure alde lerratzeko joera.

Azken egun hauetan, ziur asko, identifikatzea nahiko ez lukeen pertsonaren datuak bolo-bolo egin dira ezagun. Gaur inoren inguruan eraikia dagoen irudia ez da herritarren buruan soilik iltzatzen, publikoagoa eta zabalagoa den sarean baizik. Horrek ez du ahazten eta ez du barkatzen, gorde egiten du, nahiz eta afera batzuen aurrean nagusi den ahanztura ikusita badirudien historia bera hutsetik eta egunero hasten garela eraikitzen. Horregatik, bide berriak hartzeko edota iritziz aldatzeko pertsonok dugun aukera murriztu da nolabait, garen hori izan ginen harekin lotu daitekeelako.

Datuen nahaspilan, ezkutuan gera daitezke jakiterik nahiko ez genituzkeenak, egin genituenen arrastoak, baina bila daitezke; hor daude horietan arakatu nahi dutenentzat; batzuk, guk jarriak, agian inork gure kontra erabil ditzakeela pentsatu gabe; inolaz ere jarriko ez genituzkeenak eta baimenik eman gabe esan eta kontatuak, besteak. Horregatik kontu izan behar da zer eta nola kontatzen den, eta esaten dugunak beste pertsonengan zein eragin izango duen hausnartu; baina pentsatu behar dugu, halaber, zer eta nola bilatzen dugun, zertarako eta handik eta hemendik batutako datuek zein modutan baldintzatzen dituen gure iritzia eta gure epaiak.

Bilatu