Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zintzotasunaren izenean

Urteak aurrera joan ahala, ez nuen uste baina batzuk galdu eta berriak sortu zaizkit. Asko dira, baina beldurra ematen didaten gauzen artean badira bi gorputzez sentitzen ditudanak. Arratoi, sagu edo satitsu bat, berdin dio tamainak, ikusten badut, derrigor korrika hasi behar dut edo lurretik altxatzen den edozein koskatara igotzeko premia sentitzen dut. Urdailean kolpea sentitzen dut, baita ere, norbaiti «ni oso zuzena eta egiazalea naiz, pentsatzen dudana botatzen dut» entzuten diodanean.

Egia esan, zintzoa izateari balioa ematen diot, estimatu egiten dut inori aholku bat eskatu eta, belarriak goxatzeaz harago, benetan laguntzeko ahalegina egiten badu, nahiz eta esaten dizun hori ez izan beretzat esaten errazena, eta une horretan, beharbada, beste zerbait entzun nahiko zenukeen. Ez naiz horretaz ari, eskatu gabe eta zintzotasunaren izenean bere iritzia gorde ezin duen edo nahi ez duenaz ari naiz, parekoak senti dezakeen hori kontuan hartzen ez duenaz, sortu dezakeen minarekin ohartzen ez denaz, bai horretan pentsatzen jarri ez delako, bai bere iritzia azaltzea beste ezerezen gainetik jartzen duelako.

Azken boladan irudipena daukat modan jarri dela altuan pentsatze hori edo entzun dezaten hausnar egitea, eta badira zintzotasunaren izenean esan eta min handia egin dezaketen hitzak, aurrez aurre edota gero eta gehiago sare sozialen bozgorailutik esaten direnak.

Uste dut ona dela inguratzen gaituenari eta baita urrunagokoari arretaz begiratzea, galderak egitea eta pentsatzea eta, horrenbestez, iritziak izatea, agian baliagarri izan daitezkeenak bestearentzat edo ez. Gai batzuen inguruan uste erabatekorik edo oso argirik ez dugula onartzea ere ez dago gaizki eta, akaso, besteenak entzuteak mesede egiten digu. Arazoa, izan ere, besteak ekuazio horretatik erabat ateratzea da. Noski, norberak pentsatzen duena esatea eta defendatzea ez da txarra, baina, agian, zintzotasun erabatekoa ia zintzoa den hausnartu behar genuke.

Bilatu