Maider Eizmendi
Maider Eizmendi

Zoriontsu

Zoriontasuna, ezer bada, negozioa ere badelako eta tamaina handikoa, gainera. Zoriontasunaren izenean eskaintzen dizkigute produktuak, bidaiak, esperientziak…

Aspaldian ikusi gabeko ezagun batekin egin nuen topo orain aste batzuk; pista erabat galdua nion eta, egun duen bizimoduaz gehiegi jakin gabe, zer moduz zihoakion galdetu nion. «Ondo, egia esateko, oso zoriontsua naiz», erantzun zidan sendo. Uste dut aurpegian ere nabarmendu zitzaidala baieztapen sendo horrek sortutako harridura. Egia esan, kontatutakoagatik ez du kexatzeko motibo handirik, baina ni gehiago naiz “bueno...” taldekoa.

Zoriontasuna helburua da, agian pertsona gisa dugun helburu nagusia, baina abstraktua eta neurtzen eta definitzen oso zaila da. Asko ikertu da sozialki zoriontasunaz dugun pertzepzioaz eta, sinpleki esanda, pertsonen ongizatearekin lotu da, sentimendu positiboen ugaritasunarekin eta negatiboen urritasunarekin; baina horiek sortzeko moduak asko dira, eta gizartean unean-unean nagusitasuna duten ideiek erabat baldintzatuta daude, gainera.

Gaztaroan, ezinbestean, zirrara eta esperientzia berrien bidez bilatu beharra dago zoriontasuna, algara, lagunartea eta arriskuak hartzearekin lortzen da. Haiei bideratutako mezuei erreparatu bestela. Tonua jaitsi behar da gero, esperientzia berriak bai, baina neurrian nolabait esateko, eta gero eta gehiago norberarenak ez ezik ingurukoen ongizate eta plazerak baldintzatzen du zoriontasuna. Bizitzaren azken txanpan, berriz, patxadan eta barne lasaitasunean jartzen da, batez ere, indarra. Edozein kasutan, zoriontasunaren bilaketan, joera dago kanpoko faktoreetan begirada jartzeko, nahiz eta adituek nabarmentzen dutenez, inguratzen gaituenak adina garrantzi izan hari begiratzeko dugun moduak. Eta hain justu horiei lotuta, gero eta gehiago irakurtzen ditut zoriontasuna lortze aldera formula magikoak eskaintzen dituzten guruak. Zoriontasuna, ezer bada, negozioa ere badelako eta tamaina handikoa, gainera. Zoriontasunaren izenean eskaintzen dizkigute produktuak, bidaiak, esperientziak... eta horiekin lortzen ez baduzu, begiradak eraldatzeko moduak. Saldu, edozer saldu daitekeelako, eta gehiago, inork ongi zer den esaten ez dakien horren izenean.

Bilatu