Maria  del Rio
Maria del Rio

Herritarrak zenbaki soil bat baino gehiago gara

Egun, herritarrok aukera gutxi dugu erabaki publikoetan eta politika instituzionaletan parte hartzeko. Premiazkoa da gizarteak aktiboki eragin ahal izateko espazioak eta moduak irekitzea, ezinezkoa baita politika publikoa herritarrei bizkarra emanez egitea. Eskubide indibidual eta kolektiboak dituzten norbanakoak gara; gure komunitatearen bizitza soziala eta politikoa antolatzeko eta elkarrekin erabakitzeko gaitasun nahikoarekin. Hortaz, ez da onargarria herritarrak zenbaki soil moduan, zerbitzu publikoen erabiltzaile gisa edo gizarte prestazioen hartzaile bakar gisa ulertuak izatea. Sinetsi behar dugu bizitza soziala eta politikoa elkarrekin nola antolatu erabakitzeko gaitasuna dugula. Hala erakutsi zuten pandemia garaian sortutako elkartasun sareek. Eta horrela erakusten dute ekimen eta proposamen komunitario ugarik, espazio soziokulturalek eta elkarte garapen anitzek.

Herritarren parte hartzea erabat gauzatzea bermatuko duten tresnak eta prozesuak indartu behar dira, baina baita ere jendearen boterea eta bizi espazio burujabe eta autogestionatuak sustatzeko gaitasuna. Bereziki, kontuan hartuz populazio zaurgarrienen eta gutxien antolatutakoen egoerak, beharrezkoa baita haien parte hartzea ere bermatzea. Finean, garrantzitsua da pedagogia egitea, eta erakundeek giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak erabiltzea prozesu parte hartzaileak indartzeko. Interes kontrajarriak egongo direla jakinda ere, behingoz jendeari hitza emateko beldurra alde batera uzteko garaia da. Erabakiak hartzeko ardura politikariei dagokien arren, erabaki politikoa hartu aurretik jendearen iritzia eta beharra kontuan hartu behar dira. Erakundeen eta herritarren artean.

Beste gobernantza eredu bat behar dugu, agindu demokratikoa aintzat hartu eta politika kooperatiboa sustatuko duena, alderdi politikoen interesek baldintzatuko ez dutena, herri honek bere gaitasunen eta aukeren arabera aurrera egin dezan.

Bilatu