Maria  del Rio
Maria del Rio

Agenda kontuak

GARAk 25 urte bete ditu eta ospakizun ekitaldian, besteak beste, kazetaritzaren pluraltasunari eta bere aniztasunaren aberastasunari buruz hausnartu zen, haren balioa nabarmenduz. Oparotasun hori gorabehera, ondo dakigu gizarte zientzietatik hedabide guztiek badutela zerbait komunean: denek egiten dute kazetaritza toki jakin batetik. Hau da, aukeratutako ikuspuntu zehatz batetik kontatzen dute errealitatea. Gertatutakoa azaltzeaz gain, iritzi-egoerak sortzeko, agenda markatzeko, albisteen enkoadraketa bideratzeko eta, beraz, etorkizunean eragiteko gaitasuna dutelako. Bada, horregatik da horren funtsezkoa gurean kazetaritza ekosistema osasuntsua sustatzea.

Ildo horretan, paradigmatikoa da Konstituzio Auzitegiak "Bateragune auziaz" hartutako erabakiak izandako oihartzun txikia, ia 15 urteko prozesu luze-luzea ixtea ekarri duen arren. Denbora horretan guztian, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak 2012an Auzitegi Gorenak emandako epaiak epaiketa inpartzial bat izateko eskubidea urratu zuela adierazi zuen. Eta oraingoan, berriro ere, adierazi da Gorenak agindu bezala epaiketa berriro errepikatuz gero oinarrizko eskubideak urratuko liratekeela; jada zigorra osorik betea izan den kasu batean, gainera. Albistea bere horretan, zalantzarik gabe, garrantzitsua eta leku nahikoa merezi duena da, gizarte demokratiko baten justizian publizitatearen printzipioak duen garrantziagatik. Baina, are gehiago, kontuan izanda auziak juridikoki, politikoki eta sozialki izandako eragina, ziklo baten amaieraren adierazlea da.

Agerikoa da interes handiko une politikoan gaudela, debate juridikoa politikoarekin uztartu baino nahastu egiten dela ikusten dugu egunez egun. "Bateragune auzian" gertatu zen, Katalunian gertatu da eta badirudi gai berria zabalduko dela «ongietorrien» kasuari lotuta. Hauteskunde-hitzordu garrantzitsuak ditugu aurrean; datozen hilabeteetan liskartsuak izango diren hauteskunde-eztabaidak biziko ditugu. Zerk eta nork markatzen duen agenda berebiziko garrantzia hartuko du.

Bilatu