Maria  del Rio
Maria del Rio

Argazkitxoen itzal handia

Ospakizunetako argazkiak partekatzea bezalako usadioez haratago, ezagunak zaizkigu adingabeen irudien gehiegizko esplotazio kasuak, diru-sarrera iturri ere bihurtzen direnak.

Haur bat jaiotzen denean, badira asko aldatzen diren gauzak, esaterako, askoz argazki gehiago egiten dira. Jaioberriaren aurrerapauso txikienak ere ez dira ahaztu nahi. Horrela, ohitura da gertukoei irudiren bat bidaltzea albistea jakinarazterakoan, gero beste asko etorriko dira urtebetetzetan, oporretan, eta abar. Baina zer gertatzen da argazkiak sare sozialetan partekatzen direnean?

Adingabeek ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea dute. Oso txikiak badira ere, eskubidea eurena da, ez euren gurasoena. Hortaz, irudiak erabiliak izateko adostasuna beraiek eman behar dute, baldin eta horretarako heldutasun nahikoa badute. Hala ez bada, orduan bai, euren legezko ordezkariek eman dezakete adostasuna euren izenean eta beti txikiaren interesak babestuz. Adibidez, 14 urteko nerabe batek bere amari eskatu ahal dio familiako talde batean bideo bat ez jartzeko. Bestetik, kontuan izan behar da, bananduta badaude ere, guraso bien baimena beharrezkoa izango dela Facebooken argazki bat jartzeko. Edozelan ere, argazki hori publikoa izateak ez du esan nahi beste edonori baimena aitortzen zaionik hori erabiltzeko.

Ospakizunetako argazkiak partekatzea bezalako usadioez haratago, ezagunak zaizkigu adingabeen irudien gehiegizko esplotazio kasuak, diru-sarrera iturri ere bihurtzen direnak, esaterako, Youtube plataformaren bitartez. Frantzian indarrean sartu berri da fenomeno horri erantzuteko legea.

Hemendik aurrera, ume horiei laneko araudi babesa eskainiko zaie haur-aktoreekin gertatzen den bezala. Hortaz, hainbat arau bete beharko dituzte herritarrek: gurasoek administrazio baimena beharko dute irudi horien erabilerarako, irabazitako dirua gordeko da heldutasunera arte, bermatu behar da grabazioak eskola-ordutegiekin bateragarriak izatea, eta abar. Azken finean, haurren eskubideak babesteaz gain, araudiak haurrak gurasoen jabetzakoak direla baztertu egiten da, egungo gizartean oraindik nahiko ikuspegi errotua bada ere.

Bilatu