Maria  del Rio
Maria del Rio

Belakien garaia

Leihotik haratago euriaren soinu atsegina entzuten dudan bitartean idazten ari naiz gaurko iritzi zutabe hau. Hala ere, berriki, urriaren 3an, euri jasa oso zakarrek intzidentzia ugari eragin zituzten Bilbon. Bereziki esanguratsua izan da Zazpikaleetako denda ugarik jasandako kalte handiak; oraindik ere itxita egotera behartuta daude horietako asko. Gero eta argiago dugu bat-bateko euri jasa ugari horiek, edota igaro berri den udako bero bolada itogarriak, ez direla gertakari isolatuak, klima aldaketa orokorraren ondorio zuzen eta agerikoak baizik.

Egoera larri horren aurrean ez dago bestelako aukerarik: gure hiriek neurriak hartu behar dituzte, ez soilik klima aldaketaren ondorio kaltegarriak arintzeko, baizik eta egokitzeko gaitasuna handitzeko eta benetan hiri erresilienteak bilakatzeko ere bai. Horrek guztiak, jakina, ez dakar soilik saneamendu sistemaren funtzionamendu zein garbiketa egokia bermatzea. Horrekin batera, ezinbestekoa da hiriaren birnaturalizazioaren aldeko apustu sendo eta irmoa egitea. Ekologistak Martxanek mahai gainean jarri duen bezala, «hiri belaki» baten aldeko hautu argia egin behar dugu. Hiriaren gehiegizko asfaltatzearen aurrean, uraren iragazte naturala bultzatzeko beharrean gaude. 

Talde ekologistarekin bat nator. Are gehiago, hiriaren erronka handiei eraginkortasunez aurre egin ahal izateko, «Udal Gobernu belaki» bat ere behar dugula deritzot. Herritarren eskaera zein aldarrikapenei permeabilitatez erantzuteko prest egongo den eta beharrezkoak diren transformazioak egitera irekita azalduko den Udal Gobernu bat, hain zuzen ere. Aurrean dugun krisi klimatikoari erantzuteko, baina baita etxebizitza larrialdiaren aurrean neurri eraginkorrak eta ausartak hartzeko ere, edota zaintza hiri politikaren erdigunean jartzeko adorea adieraziko duena. Finean, euriteen nahiz gizarte erronka nagusien aurrean, herritarren kezkak entzun, xurgatu eta konponbide bihurtzeko gaitasuna duen Udal Gobernu belakia behar dugu: oraina babestuz, etorkizuna eraldatuko duen Bilbo erresilientea eraikitzeko.

Bilatu