Maria  del Rio
Maria del Rio

Botxon ere euskaraz

Ia astebete pasatu da Bilboko kaleak euskararen kontrako oldarraldiaren aurka bete zirela, baina batez ere euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde. Euskalgintza Kontseiluak deitua eta eragile anitzez babestua, azkenaldian izandako epaiketetan jarri izan da fokua oraingoan. Dena dela, gizartean zabaltzen ari den diskurtsoaren isla kezkagarria badirela esan dezakegu.

Bilbo gero eta euskaldunagoa da; izan ere, euskararen ezagutza igo dela zalantzagabea da. Bereziki, gazteen artean. Haatik, ulermenean aurrerapauso handiak eman badira ere, zoritxarrez, erabileran hobekuntza ez da hain argia izan. Are gehiago, beheranzko joera sumatzen hasia da. Finean, jakintza suspertu bada ere, egun ez da batere erraza euskaraz bizitzea. Hortaz, erabilera hauspotzen duten ekimenak oraindik ere funtsezkoak dira. Korrika datorren martxoan abiatuko da berriz; eta oraingoan ere, zalantzarik gabe, hiriko kaleak beteko ditu. Gainera, laugarren Euskaraldia jada prestatzen hasia da. Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa praktikoa eta erabilgarria dela frogatu izan du. Bi horiekin batera, badira beste hainbat ekimen txiki, merezitako aitortza behar dutenak.

Bilbotarrok askotan esaten dugu Bilbo euskal hiztun gehien duen hiria dela, sakabanatuta bagaude ere. Hori horrela izanik, ezinbestekoa da horiek guztiak aktibatzea. Ikuspuntu kuantitatibo batetik, baita izango lukeen eragin gaitasunagatik ere. Hizkuntza normalizatu batera hurbiltzeko ezinbesteko eginbeharra da hori. Bide honetan egin zitekeena baino gutxiago egin izan da orain arte; izatez, euskararen aldeko politikak eskasak izan dira, edo ez da egon benetako politikarik. Bada, beraz, gure etorkizuneko hirian euskara aurreikusteko garaia. Bilbo anitz eta euskalduna amestu eta lantzeko konpromisoa hartzeko unea. Erronka handiak ditugu ate joka, horiei erantzuteko gizarte berrikuntzaren abangoardia izatea bilatu behar dugu, munduari begira eta mundura konektatuta, baina gure nortasunaren eta kulturaren potentzialaren tanta bakoitza aprobetxatuz.

Bilatu