Ceuta: bi ereduren ispilu
Ceutako krisi humanitarioa ez da gertakari isolatu bat. Ukaezina da egoera oso konplexua dela eta premiazko arreta eta epe luzeko neurriak eskatzen dituela. Gainera, gai honen muinean, bere mugak eta porrota erakutsi duen eredu ekonomikoa ere badago, desberdintasunak sortzen dituena, eta lurraldeen eta pertsonen arteko berdintasun ezan sakontzen duena. Baina konplexutasun horretaz harago, egoerak ispilu baten aurrean jartzen gaitu, faxismoaren eta antifaxismoaren artean erabakitzera behartzen gaitu, hain zuzen ere.
Azken egunetan «inbasioa» eta «inbaditzaileak» bezalako hitzak entzuten ari gara gero eta gehiago. Terminologia hori bereziki kezkagarria da; izan ere, marko belizista eta xenofoboa ezartzea du helburu, eta aski ezagunak eta larriak dira testuinguru horretan gerta daitezkeenak. Jarrera horren beste adierazle argia da eskuinak eta eskuin muturrak aurreko astean antolatutako kontzentrazioak, gorrotoa elikatu eta gizarte liskarra sortzeko helburu bakarra zutenak. Baina ezin gara tranpa horretan erori, ez da onargarria pertsonen zaurgarritasuna etekin politikoa lortzeko erabiltzea. Jakin badakigu mundu mailako olatu erreakzionarioak ezegonkortasuna bilatzen duela, beti azkenak erruduntzat joz. Migratzaileak eta babesa eskatzen dutenak jopuntuan jartzea estrategia zaharra da oso. Edozelan ere, gogoratu behar da pertsona orok bere jatorrian bizitza duina izateko eskubidea izan beharko lukeela; inor ez litzatekeela behartuta egon beharko gosea edo gerra dela-eta bere etxea uztera.
Europar Batasunak, bere aldetik, norabiderik gabe, bere balio fundazionaletik urruntzen dituen jarrerak hartu ditu. Horren aurrean, garrantzitsua da nazioarteko zuzenbidearen aplikazio argia aldarrikatzea, giza eskubideak oinarritzat hartuta. Finean, Ceutako auzia konplexua da oso, baina aurrean egin beharreko aukera argia da: ankerkeria defendatu edo elkartasuna elikatu. Zorionez, herri honetan ezartzen saiatzen diren gorrototik, arrazakeriatik eta klasismotik oso urrun dauden balio demokratikoak eta solidarioak baditugu.
