Maria  del Rio
Maria del Rio

Desberdintasunak

Egungo testuinguruan, non krisi ekonomikoa agerikoa den eta aniztasuna ukatzen duten diskurtsoak ugaritzen ari diren, berebiziko garrantzia du birbanaketa eta aitortza dimentsioak bateratzeak.

Aste honetan desberdintasunari eta arrakala ekonomikoaren hazkundeari lotutako zenbait albiste izan dira. Baieztatu da, esaterako, covid-19aren pandemiaren ondorioz pobrezia eta desberdintasuna areagotu egin direla. Fenomenoa herrialde artekoa izan da, baina baita herrialde barrukoa ere; urteetako murrizketa joerak leheneratzen hasi dira. Ez zaigu deigarria izango talde zaurgarrienak, emakumeak besteak beste, kaltetuenak izan direla jakitea.

Desberdintasuna giza duintasunaren urraketa da, eta forma eta ondorio anitz ditu: aukeren galera, ziurtasun eza, pobrezia, osasun txarra, ezintasuna, antsietatea... Ez dago lotuta, beraz, bakarrik gaitasun ekonomikoarekin, kontzeptu zabalagoa da. Dena dela, argia da zein funtsezkoak diren birbanaketa politikak asimetriak leuntzeko eta aukerak zabaltzeko. Horrela, bizi kalitatea hobetzea lortzen da eta gizarte justuago eta demokratikoago baterantz aurrera egiten da. Hori bai, desberdintasun materiala murrizteko estrategiak ez dira nahikoak. Harago joatea beharrezkoa da.

Ildo horretan, desberdintasun existentziala norbanakoei autonomia, aitortza edo errespetu maila ezberdina egozteari lotuta dago. Hainbat faktorek hura elikatzen dute, hala nola sexismoak, arrazismoak, heteronormatibitateak edo kolonialismoak. Kasu horietan guztietan ezberdintasuna bazterketa faktore bihurtzen da. Hori bai, desberdintasun mota guztiek elkarreragina dute eta nolabait elkar indartzen dira. Hala ere, kategoria ezberdinak dira eta modu berezituan jorratu behar dira, dinamika propioak dituzte eta.

Egungo testuinguruan, non krisi ekonomikoa agerikoa den eta aniztasuna ukatzen duten diskurtsoak ugaritzen ari diren, berebiziko garrantzia du birbanaketa eta aitortza dimentsioak bateratzeak; ikuspegi konplexuagoa eta integratzaileagoa eskainiz. Azken batean, berdintasunaren eta diferentziaren dikotomia faltsua gaindituz. Horrela, helburua menderakuntza gainditzea da, eta baztertuak izandakoek gizartekide bezala aitortza osoa lortzea.

Bilatu