Maria  del Rio
Maria del Rio

Emisio gutxiko eremua

Emisio gutxiko eremuei (EGE) buruz hitz egiterakoan, ezinbestekoa da horien helburuak −behar-beharrezkoak eta askotarikoak−, gogoratzea. Horien artean, hainbat aipa ditzakegu: airearen kalitatea hobetzea eta klima aldaketa arintzen laguntzea, herritarren osasuna hobetzeko eragitea, mugikortasun iraunkorragoa sustatzea, espazio publikoa berreskuratzea, bide-segurtasuna hobetzea, baita pertsona ahulenen autonomia ere, hala nola, haurrena. Krisi klimatikoa jasaten ari gara jada, eta, dudarik gabe, premiazkoa da erronka horiei erantzungo dieten neurri ausart eta eraginkorrak hartzea.

Hortaz, argi dago «emisio gutxiko eremua» ibilgailuen parkea aldatzeko tresna baino askoz gehiago izan behar dela. Lortu behar dena ez da ibilgailu-parkearen berrikuntza bizkortzea, gehien kutsatzen duten autoen sarbidea hirien zenbait eremutara mugatuz. Helburua bada, ordea, kotxeen eta motorren erabilera murriztea. Espero zitekeen, beraz, eztabaida politikoaren ardatza ez izatea legez ezartzen zaigun proiektua ahalik eta modu xumeenean betetzea. Zoritxarrez, esan dezakegu errealitatean hori ez dela gertatzen, eztabaida interesgarriei buruz hitz egiteko aukera alferrik galduz. Zergatik ez aukera baliatu hainbat gairi heltzeko: garraio publikoaren sustapena, hiria pertsonentzat berreskuratzeko bidea nola egin, hirigintza jasangarria, hirietako erdiguneen erabilera...? Helburua hirian biztanle guztien bizi-kalitatea nabarmen hobetzen laguntzeko tresna erabilgarria lortzea izan beharko litzateke. Baina xede horri uko egiten zaio legearen gutxiengoak betetzera mugatzen bagara edota neurri inkoherenteak aurreikusten badira. Izan ere, nola da posible txandakako aparkalekuen plazak berriak irekitzen jarraitzea mugatutako zonalde horietan?

Eztabaida soziala proiektu eraldatzaile bat eskaintzeko aprobetxatu beharko litzateke, emisio gutxiko eremua etorkizuneko apustu batean kokatzeko. Azken batean, hirietako eta herrietako auzo guztien bizi-kalitatea hobetuko duen trantsizio ekologiko konprometitu eta irmo baten aldeko filosofia eta ibilbide-orria finkatzeko.

Bilatu