Maria  del Rio
Maria del Rio

Espioitzaren zilegitasunaz

Egin daitekeen edozein hobekuntza onargarria izateko, bateragarri egin behar ditu inteligentzia-zerbitzuen berezitasunak eskubideekiko eta haien bermeekiko konpromisoarekin.

Egunero dauzkagu Pegasus programaren bidez egindako entzuketen inguruko albisteak, baita haien ondorio politikoei buruzkoak ere. Pere Aragones eta beste 17 pertsonaren kasuan CNI Espainiako zerbitzu sekretuen inplikazioa onartu da eta, beraz, epaitegiek baimenduta eta justifikatuta zeudela esan da. Edozelan ere, ez dira izan baimen judizial arruntak, bermedun zigor-prozesu baten esparruan ematen direnen modukoak. Inteligentzia-agentzia baten funtzioen esparruko prozedura berezia izan da; hau da, segurtasun-mehatxuak prebenitzeko eta neutralizatzeko testuinguruan. Gertaera hauek iskanbila handia sortu dute eta agentziaren funtzionamenduari buruzko kezkak piztu dira. Jakin badakigu inteligentzia-zerbitzuen jarduerek oinarrizko eskubideak mugatu, murriztu edo kaltetu ditzaketela. Kasu honetan, telefono bidezko esku-hartzeek intimitaterako eskubidean eragina dute, argi eta garbi.

Duela hogei urte arautu zen CNIren jarduerek bete beharreko kontrol judiziala. Funtsean, aldez aurreko baimen-araubidea da. Ez du, beraz, kontrol judizialaren funtzioari esleitu ohi zaion edukia agortzen. Izan ere, zigor-arloko ikerketa batean, esaterako, betearazpena eta lortutako emaitzak ere egiaztatzen dira, ez da soilik aldez aurreko baimena ematen. Gainera, inteligentzia-funtzioen kasuan, eskaera eta ebazpena sekretuak dira, eta kaltetuek ezin dute erabakiaren berri izan, ezta erabakiaren aurkako errekurtsorik jarri ere. Kontrol nahikoa al da hori?

Espioiei buruzko eleberri eta filmek inteligentziaren irudi zehatza eraikitzen lagundu dute, erreserba eta sekretua ezinbestekoak direla une oro. Garbi dago egin daitekeen edozein hobekuntza onargarria izateko, bateragarri egin behar dituela inteligentzia-zerbitzuen berezitasunak eskubideekiko eta haien bermeekiko konpromisoarekin; ezin da langa jaitsi. Egungo araudia, ordea, azalekoa da, eta presaz egindakoa dirudi; kontrol parlamentario eta judizial ahulak ezartzen dituena. Hausnarketa sakon baten beharrean gaude: zein da inteligentziaren tokia eta funtzioa gizarte demokratiko batean?

Bilatu