Maria  del Rio
Maria del Rio

Euskararen eguna

Euskararen Nazioarteko Eguna izan da duela bi egun, eta Euskal Herri osoan hainbat ekimen  antolatu dira egun hori ospatzeko: ekitaldi instituzionalak eta adierazpenak izan dira, ekitaldi kulturalak ere bai, txikienek ere parte hartu dute eskoletan, Argitxoren urteak ospatu dira eta abar. Baina erreibindikatzeko eguna ere bada, abendu osoa izango den bezala. Izan ere, euskararen biziberritze prozesua geldotze aroan sartuta dago. Joan den mendeko 60ko hamarkadaren hasieran abiatu zen indarberritze prozesu indartsua agortzen ari delakoan nago. Zeintzuk izan daitezke horren arrazoiak? Askotarikoak dira; gizartean oro har gertatzen ari diren aldaketak daude tartean, nola ez, baina zerbait azpimarratzekotan, hizkuntza eskubideen aurkako oldarraldia azpimarratuko nuke.

Hori dela eta, Guka-k, Bilboko euskaltzaleen plazak, “erdalduntze makina” gelditzeko mobilizaziora deitu zuen. Izan ere, Bilboko euskal komunitateak ez dauka euskara hutsean bizitzeko aukerarik; euskaraz eroso egoteko bidean milaka oztopo aurkitzen ditu. Bilbo da, askotan gogoratzen den bezala, euskaldun gehien biltzen duen eremu geografikoa baina, hala ere, badira hainbat osagai erdalduntze makina hori osatzen dutenak. Horren adibide da, argi eta garbi, komunikabide sistema erdalduna izatea. Gogoratu beharra dago “Prest” aldizkariak eta Uriola hedabide digitalak, euskara hutsez zirenek, ezin izan dutela aurrera jarraitu ekonomikoki bideragarriak izateko arazoak zituztelako. Aipatu beharrekoak dira ere euskararen kontrako diskurtsoak eta erakundeen aldetik euskararen aldeko bultzada garbiaren falta. Bilbon, harrigarria bada ere, oraindik ez dago euskararen ordenantzarik. Eta zein zailak diren eguneroko hainbat kontu; adibidez, mediku euskaldun bat aurkitzea, edota umeen aisaldi eta hezkuntza ez formala euskaraz izatea lortzea. 

Zorionez, badira euskaraz bizitzeko bidea irekitzen duten hainbat ekimen. Horiek ere ospatu eta aldarrikatu behar dira. Bada garaia jauziak egiteko, aurrean ditugun erronken aurrean euskararen biziberritze prozesuan atzerakada gerta ez dadin.

Bilatu