Maria  del Rio
Maria del Rio

Ez da giro

Bero bolada gogorrek aire girotuak etengabeko hizketagai bihurtu dituzte. Maiz entzuten dira gure etxeak girotzeko modu hobeei buruzko solasaldiak, baita bizilagunekin egiten diren hizketaldi arinetan edo supermerkatuko ilaran bertan ere. Konturatu gara beroak larrialdi puntuala edo iragankorra izateari utzi diola, ez dela jada aparteko fenomenoa. Osasun publikoan eragin handiak dituen egiturazko mehatxua bihurtu da, bereziki pertsona ahulenentzat, hala nola adinekoentzat. Berriki ezagutu dugu aurten sortu duen heriotzen ezohiko hazkundea; ez da bigarren mailako arazoa.

Egoera horren aurrean, berora egokitzeko neurriak hartzea besterik ez dago, baina, horretarako, ezin da fokua konponbide indibidual edo teknologikoetan jarri, konponbideek ingurumenean eta pertsonetan oinarrituta egon behar dute. Funtsezkoa da hiriak birnaturalizatzea; zuhaitz, berdegune eta lorategi gehiago sortzea; lurzoruak aldatzea; baina baita trafikoa mugatzea edo auzoen protagonismoa berreskuratzea ere, gertuko beharrezko zerbitzuak sustatuz. Inbertsio serioa eskatzen duten sakoneko moldaketak dira horiek. Horregatik, ez da ulergarria gure kaleetan, oso seinaleztatuta dagoen itzala duen aldi baterako banku bakarra aurkitzea, eta, aldi berean, urbanizazio berriko eremuetan zuhaitz edo berdegune bat ere ez aurkitzea. 

Hirigintza taktikoa aldi baterako eta kostu txikiko esku hartzea da, adibidez, altzari arinak erabiliz, hala nola loreontziak eta toldo txikiak. Zentzu osoa du hori bero boladei aurre egiteko estrategia bezala erabiltzeak. Baina gogoratu dezagun hirigintza horren helburua aldaketa azkarrak probatzea dela, moldaketa iraunkorrak bultzatzeko, hiri gizatiarragoak eta iraunkorragoak lortzeko helburuarekin. Hori dela eta, arazoa da aldi baterako esku hartze horiek greenwashing-a baino ez diren susmoa sortzen denean, hiri garapen estrukturalaren ereduak iraganeko akats berdinak egiten jarraitzen duelako. Klima larrialdiari atzerapenik gabe aurre egin behar zaio; ondo prestatu behar dugu, inor atzean utzi gabe.

Bilatu