Maria  del Rio
Maria del Rio

Ezkutuan egoteagatik ez da konponduko

Bilbon badira martxan proiektu urbanistiko handiak, hiriaren ikur bihurtu nahi dituztenak, teorian aukera mugagabeak eskainiko dizkigutenak; edozelan ere, hurbilketa kritikoa behar dutenak. Horietako bat Zorrotzaurre da, "Bilboko Manhattan" izango omen dena. Baina maketak errealitate bihurtzen diren bitartean, kudeaketa eskasak eragindako egoera larria da. Abandonatutako pabiloi industrialetan argirik eta urik gabe, hondakin artean eta baldintza osasungaitzetan, gero eta jende gehiago bizi da. Badira urteak daramatzatenak auzoaren parte izaten, nahiz erdi ezkutuan izan. Auzoak bizi duen egoera ere ez da batere egokia; auzokideek denbora gehiegi daramate bukatzen ez diren obren ondorioak jasaten, egunerokoan zailtasun handiak pairatzen, eta zerbitzu publikoen gabeziak nabaritzen. Diseinatutakoa praktikan jartzeko epea mugarik gabe luzatzen ari da, «bitartea» behar bezala planifikatuta egon gabe.

Azken urteetan etxerik gabeko pertsonen profila asko aldatu da; egun gero eta egoera anitzagoak hauteman ahal dira, ohiko estereotipoetatik urrunagoak, alegia. Egoera latz horretan egotea ez da, inondik inora, erabaki pertsonal baten ondorioa, ezta bizitoki-alternatibarik nahi ez izateagatik ere. Fenomenoa konplexua da oso, hazten ari da, gero eta gazte gehiago daude, eta berez nahiko ikusezina den egoera batzuetan are ezkutuago dago, esaterako, emakumeen kasuan. Arazoa ez da soilik gizarte zerbitzuek eman beharreko oinarrizko arreta guztiz gainezka egotea, erpin askotako gaia baita eta horiei guztiei heltzeko beharra dago. Aski ezagunak dira etxebizitza bat lortzeko zailtasunak; logela bat eskuratzeko zailtasunak gero eta nabariagoak dira Bilbon, eta gero eta gehiago jabetzen ari gara horrek dakartzan albo-ondorio kaltegarriez. Erantzun berritzaileak eta integralak eskaini behar dira. Baina, batez ere, funtsezkoa da arazoei aurre egitea, eta ezkutuan egoteagatik konponduko ez den errealitateari behar den bezala erantzutea.

Bilatu