Maria  del Rio
Maria del Rio

Geopolitikaren jostailu

Adingabeei euren interes legitimoak defendatzeko eskubidea bermatu behar zaie, euren kabuz edo defendatzaile baten bitartez.

Aurreko ostiralean hasi ziren Ceutako adingabe migratzaileak kanporatzen. Erdi ahaztuta badugu ere, maiatzean Marokok mugako segurtasuna arindu zuen eta, ondorioz, milaka pertsona sartu ziren Ceutara. Horren atzean krisi diplomatiko bat zegoen, Europan ere eragina izan zuena, tartean Saharako auzia zegoela.

Kanporaketak Madrilen eta Rabaten arteko aldebiko akordioan oinarritu omen dira, baina gero eta argiagoa dirudi ez direla errespetatu prozesu horretarako ezarritako oinarrizko bermeak; esaterako, aldez aurretik abisatu gabe izan dira, entzunaldi-izapiderik gabe, eta abokatuen laguntzarik gabe. Hau da, kanporatze horiekin adingabeen eskubideak urratzen ari dira, baita Espainiako, Europako eta nazioarteko ordenamendu juridikoak ere. Oroitu behar da adingabeen interes gorena bermatu behar dela eta, horretarako, ezinbestekoa dela banakako prozesuak lantzea, haur bakoitzaren egoerari eta ongizateari lotutako irtenbide egokiak bilatu ahal izateko. Administrazioaren babesean dauden adingabe atzerritarrek ere benetako babes judizialerako eskubidea dute: adingabeei euren interes legitimoak defendatzeko eskubidea bermatu behar zaie, euren kabuz edo defendatzaile baten bidez. Egoera honetan, aitortzekoa da zenbait elkarte egiten ari diren lana, arreta zuzena emanez eta bide judizialean arituz.

Hainbat prozesu daude martxan argitzeko Barne Ministerioak giza eskubideak urratzen dituen. Dena dela, argi dago zailago egiten zaigula haurren babesaren diskurtsoa «menak» deiturikoekin erabiltzea. Baina ezin dugu ahaztu babesgabetasun egoeran dauden haurrak direla. Egoerak ez du konponbide errazik eta, hala ere, aberriratze indiskriminatuak onartezinak dira. Duintasuna errespetatzen duten migrazio-politikak beharrezkoak dira, bereziki egoera zaurgarrienean daudenen kasuan. Zer gertatuko da Afganistanen krisiaren ondorioz? Europako Batasuna ixten hasia da eta mugen esternalizazio politikan sakonduz, zertan geratu da «welcome refugees» leloa?

Bilatu