Maria  del Rio
Maria del Rio

Gobernantza feminista

Beharrezkoa da ikuspegi feminista alor eta programa guztietan egotea: mugikortasun politikak ekonomikoak, urbanistikoak… Honek ikuspegi aldaketa dakar.

Duela gutxira arte, feminismo hitza gaitzesten zuten askok, are gehiago politika instituzionalaz aritzean. Gizarte patriarkalek erakunde patriarkalak sortzen dituzte, eta feminismoak gizartearen zati handi batentzat zuen erradikalismo irudia saihesteko, politika feministez baino, berdintasun-politikez hitz egin behar zen. Nahiz eta atzerapausoak emateko saiakerak egon, gauzak aldatu egin dira azkenaldian eta, gaur egun, emakume eta gizon askok feministatzat dute euren burua.

Bilakaera horrek eragina izan du erakundeetan, eta gure inguruko euskal agintari askok aldarrikatzen dute euren politikak feministak direla. Horrela, hauteskunde-programak, ekitaldi publikoak eta erakundeen arteko komunikazio-kanpainak aztertuta, ohikoa da feminismoaren ekarpen kontzeptualekin topo egitea: zaintzak, parte-hartzea, ahalduntzea, lidergo berriak... Baina zein da hitz handi horien atzean dagoen errealitatea? Erantzuna nahi duenak, aski du berdintasun-politikei bideratutako aurrekontuak eta giza baliabideak aztertzea, eta gainerako politika publikoak lehentasun feministekin lerrokatuta dauden ala ez egiaztatzea.

Aurrera egiten jarraitzeko, beharrezkoa da zaintza-lanen prekaritatea amaitzea, mugimendu feministak autokudeatutako espazioez hornitzea, zerbitzu publikoak irauli eta publifikatzea, eta ikuspegi feminista alor eta programa guztietan egotea: mugikortasun politikak, ekonomikoak, urbanistikoak… Honek ikuspegi aldaketa dakar, arazoa emakumeengan jarri baino, egituran jartzen delako, sisteman. Dagoeneko ez dira «emakumeen gaiak». Kontua da, horretarako, erakundeak eurak auzitan jartzeko ausardia behar dela. Kontua ez da soilik politika publikoen edukiari erreparatzea, beharrezkoa da erabakitzeko eta egiteko modu demokratikoagoak ezartzea ere, eta horretarako, ezinbestekoa da herritarron parte hartzea areagotzea. Berdintasunaren kalezuloek feminismoaren etorbideetara eraman behar gaituzte, emakumeok plaza publikoa bete dezagun.

Bilatu