Maria  del Rio
Maria del Rio

Herri zaintzailerantz

Orain dela pare bat egun, bulegoan dugun 2023ko greba feminista orokorreko kartel bati begira, atentzioa eman zigun jada hiru urte pasa direla ikusteak. Zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko gelditu eta batu ginen egun horretatik lan asko egin da zaintzen egungo antolaketa soziala eraldatzeko eta zaintza sistema publiko eta komunitarioa benetan lortu ahal izateko. Aitortu behar da, dudarik gabe, mugimendu feministak gaia lehen lerrora eramatea eta bere garrantzia inork zalantzan ez jartzea lortu duela. Denon Bizitzak Erdigunean plataformak iganderako antolatutako jardunaldiak beste mugarri bat izango dira ezinbesteko ibilbide horretan. Izan ere, argi dago egun zaintza lanak antolatzeko ezarritako ereduak ez dituela gizarte beharrak asetzen. Zaintzak eskasak, desegokiak, prekarioak eta libreki ez aukeratuak izaten dira gehienbat. Neurri handi batean, zaintza oraindik arazo pertsonala eta familiarra da.

Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien aldetik etorri den aldaketa ez da ospatzeko modukoa izan, inondik inora. Balioa eman behar zaie, ordea, martxan jarri diren tokiko ekimen ugari eta interesgarriei. Izan ere, udalerriek gaitasun handia dute zaintza-sisteman eragiteko eta gure herriak benetan zaintzaile bilakatzeko. Eta ez soilik gizarte zerbitzuei begira, gaia askoz zabalagoa baita. Esaterako, udalek osasun sistemak berak baino eragin handiagoa dute osasunean. Eraikitzen dugun hiri ereduak ondorio argia baitu gugan; adibidez, berdeguneek edo horien faltak, kutsadurak, errenta mailak, zaratak, kohesio sozialak, ariketa fisikoa egiteko aukera izateak edo ez izateak... 

Jada badakigu guztiok bizitzan zehar zainduak izateko beharra dugula, eta zaintzak zeharkako izaera ere baduela. Gureak herri zaintzaileak izatea nahi baldin badugu, kontuan izan behar dugu zaintzak duen gaitasun eraldatzaile izugarria eta horretaz baliatu. Horregatik, ezinbestekoa da orain arte egiten ari garena birpentsatu, eta gobernatzeko eta kudeatzeko moduak goitik behera aldatzea, alegia, benetako salto bat ematera ausartzea.

Bilatu