Bilboko industria-hazkundeari erantzunez lan bila etorri ziren hainbat eta hainbat pertsonak, etxebizitza duina eskuratzeko aukerarik ez zutenez, etxola bat eraiki behar izan zuten bertan bizitzeko. Oroitzapen hori galtzen ari bagara ere, etxola-auzoetan 25.000 pertsonatik gora bizitzera iritsi ziren. Hiri osotik ikusi ahal ziren zenbait auzotan sakabanatuta, hiriaren ertzetan bereziki. Erdigunean ere ikusi ahal ziren, ordea, auzorik ezagunena Ingelesen Zelaia baitzen, egun Guggenheim museoa dagoen tokia; garai hartan zona industriala. Hortaz, Bilboren iragana eta oraina aztertzeko kokapen ezin egokiagoa da.
Etxolen fenomenoaren hastapena 1950eko hamarkadan kokatzen badugu ere, 1980. urtera arte iraun zuela esan daiteke. Hala ere, egungo egoerari arretaz begiratzen badiogu, egin beharreko derrigorrezko gogoeta da inoiz desagertu ez den errealitatea ez ote den. Egungo testuingurua bestelakoa bada ere, gero eta berri gehiago izaten dugu hiriaren ertzetan oraindik ere etxerik gabeko pertsonek antolaturiko kanpalekuei buruz eta industria-pabiloi okupatuei buruz, oso garbi jakin gabe zenbat pertsona bizi diren bertan.
Udal zerbitzuak gainezka daudela agerikoa da; horrek esan nahi du badirela gure kaleetan oinarrizko beharrak aseta ez dituzten pertsonak; ez sabairik, ez janaririk bermatuta ez dutenak. Egoera larria da oso, eta ez du konponbide errazik. Hala ere, ez zaio, oraingoz, politika publikoetan gaiaren seriotasunak eskatzen duen zentraltasuna eman. Kontuan izan behar da ere, azken urteotan, etxegabetasun egoeran dauden pertsonen profila asko aldatu dela eta gero eta anitzagoa dela. Hortaz, eskaintzen diren zerbitzuak ez dira soilik zabaldu behar, premia berrietara egokitzeko beharra ere badago. Aldaketa horietan pisu izan duen alderdi bat migrazioa izan da. Kontuan hartzekoa da ere egoera horretan dauden emakumeak are ikusezinagoak direla. Azkenik, ezin dugu alboratu honen oinarrian dagoen etxebizitza-krisiak guztiongan duen eragina, eta, aldi berean, ikaragarri zailtzen du egoera latz horretatik irtetea.
