Epaiak irakurtzera ohituta ez bazaude, seguruenik aldeei esleitzen zaizkien izenek harrituko zaituzte. Hiru epai ausaz bilatzeko ariketa egin dut eta, ahaleginik gabe, honako izen hauek agertu zaizkit: Zelestina, Eulogio, Eluterio, Everardo, Eulalia, Cipriano, Rogelio... esango nuke, gainera, ez direla kasu hauetan azaldu zaizkidan izen berezienak.
Izen ezohiko horiek erabiltzeko arrazoi nagusiak bi dira. Lehenengoa, epaiak anonimizatzeko beharra; izen zaharrak ausaz erabiltzean zailagoa da benetako izenarekin bat etortzea. Bigarren arrazoia are interesgarriagoa iruditzen zait. Helburua ahalik eta izen neutroenak erabiltzea da, pertsonaren jatorriari buruzko argibiderik ez emateko. Daturik ez emateko hautua behin erabaki judiziala badagoenean egiten da. Asmoa kolektibo ezberdinen kriminalizazioa saihestea da. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ezusteko iritzi aldaketa baten ondorioz, atxilotuen jatorriaren berri ematea erabaki du; hain zuzen, aurreko fase batean. Izan ere, atxilotzeko erabakia behin-behinekoa da beti; errugabetasun-presuntzioaren printzipioa indarrean dago eta. Jatorria, gainera, datu isolatu gisa ematen da; aditzera emanez hori dela delitu bat burutzeko aukerak handitzen dituen ezaugarri bakarra edo garrantzitsuena.
Une honetan funtsezkoa da hartutako erabaki hori udaltzaingoetara zabaltzeko tentazioa saihestea. Eta batez ere ezinbestekoa da segurtasunaren bandera astintzeari uztea, gorrotoz betetako diskurtso xenofoboak plazaratzeko bide gisa. Estrategia horrek, gainera, ez du deus originalik, Europako eskuin muturraren ikur bihurtu da eta. Beraz, kasu honetan interesgarria dena da jakitea bakoitzak zer jarrera hartuko duen mezu sinpleen, emozionalen eta aurreiritzi sozialak zuzenean eskatzen dituztenen aurrean. Ezin dugu ahaztu diskriminazio kolektiboari aurre egitea ere gure erantzukizuna dela, kolektibo batzuen gaineko aurreiritziak indartzen baititu eta elkarbizitzaren oinarrietan eragin handia baitu.
