Maria  del Rio
Maria del Rio

Jolasa eredu

Hiriak haurtzaroa kontuan izandaplanifikatzeko ideia ez da berria. Haurren eskubideek, halaber, parte hartzeko gaitasuna aitortzen diete.

Ikasturte hasiera heldu da, oso gutxi falta da eskola hasteko; beraz, eskola-materiala prestatzeko eta ordutegiak antolatzeko garaian gaude. Oporretan eta udan izaten den lasaitasunaren ondoren, berriz ere errutina eta ohiko erritmoetara egokitzeko ordua heldu da. Batek baino gehiagok arnasa hartuko du bere «ume kuttunaz» deskonektatzean, uda, zalantzarik gabe, umeekin ohi baino denbora gehiago ematen den unea baita. Haien beharretara egokitzea nekagarria bada ere, bizipen berriak izateko aukera eta une dibertigarriak izateko abagunea eskaintzen digu.

Urteko sasoi berezia izaten da, normalean umeak ez baitira hain entzunak eta lehenetsiak izaten, ez etxean, ez kalean. Espazio publikoetan haurrak egotea gogaikarritzat hartu ohi da, haurrek eurentzat propio diren lekuetan bakarrik egon beharko balute bezala; hala nola, jolasetarako hesitutako guneetan, baina horiek, gainera, ez daude beti baldintza onenetan. Atzo bertan, erabili nahi genuen jolasgune bat zikin eta utzia zegoen. Ondoren, jatetxe arrunt batera joan eta orgatxoa traba gaindiezina zela zirudien, nahiz eta lokala erdi hutsik egon. Bi adibide besterik ez dira, hiria haurren aurkako leku bat izan daitekeela erakusten dutenak, eta ez dira gutxi bizilekuz aldatzea erabakitzen dutenak.

Hiriak haurtzaroa kontuan izanda planifikatzeko ideia ez da berria. Haurren eskubideek, halaber, parte hartzeko gaitasuna aitortzen diete, baita errekonozimendua eta hiritar autonomo izaera ere. Dena den, asko falta da oraindik ingurune seguruak lortzeko, non aisialdiaz eta jolasaz gozatzeko aukerak zabaltzen diren. Haurtzaroarekiko hiri atseginagoa lortzeak bertako biztanle guztiekiko hiri atseginagoa lortzea dakar. Funtsezkoa da ez soilik pertsona baten garapenean oso urte garrantzitsuak direlako, baizik eta ahulenak kontuan hartzen dituzten politika publikoek herritar guztiei egiten dietelako mesede. Bada garaia hiri-eredu gizatiarragoak sortzeko, elkarbizitzak eta jolasak merezi duten protagonismoa lor dezaten.

Bilatu