Maria  del Rio
Maria del Rio

Kale gorria bezain krudela

Etxerik ez izateak ez dakar bakarrik etxebizitza segurua, eskuragarria eta egokia ez izatea, gainerako eskubide sozialen egikaritzea ere indargabetu edo ahultzen du.

Berriki jakin dugu beste gertaera lazgarri bat gertatu dela gure kaleetan, etxerik gabeko pertsona bat hil zela uztail hasieran Bilbon. Eragile sozialek salatu dutenez, gutxienez lau dira egoera berean urte hasieratik hildakoak. Etxebizitzaren arazo larriaren ondorio krudelena da hori, baina ez bakarra. Jakina da alokairua ez dela jada etxebizitzan gehiegi ez inbertitzeko irtenbidea, gero eta altuagoak dira eta. Horrek zailtzen du, esaterako, gazte askok diru-sarrerak izanda ere emantzipatzeko aukera izatea. Badira, dena den, beste hainbat oztopo; garai hauetan aproposa da gogoratzea pisu turistikoen eredua ere, edo putre funtsek zein edukitzaile handiek sortzen duten arazoa.

Etxerik ez izateak ez dakar bakarrik etxebizitza segurua, eskuragarria eta egokia ez izatea, gainerako eskubide sozialen egikaritzea ere indargabetu edo ahultzen du. Adibidez, oso modu negatiboan eragiten du osasun fisikoan zein mentalean, eta saihestu daitezkeen heriotzak sortzen ditu urtero. Gainera, oso estigmatizatuta dago eta hura jasaten duten pertsonak diskriminatuak izaten dira; gure begietara ikusezin bihurtzen direla esan genezake. Akaso, pandemiaren ondorioz edo eguraldia gogortu denean, egoera zertxobait azalarazi da. Azpimarratzekoa da ere intimitate falta eta segurtasun arazoak izaten direla, eta bizi-proiektuak garatzea ia ezinezko egiten dela.

Zalantzarik gabe, konplexutasun handiko fenomenoa da, bere barruan askotariko errealitateak biltzen dituena. Argi dago ez dituela behar berdinak izango urteetan kalean izan denak, adin-nagusitasunera iristerakoan Aldundiaren tutoretzarik gabe geratzen den gazteak, edo emakumea denak, oro har biktimizazio handiagoa jasaten dute eta. Hortaz, arretak hurbila, banakakoa, espezializatua izan behar du, eta, erantzunak, azkarra eta malgua. Kaltetuei hitza ematen dien eta egiturazko fenomeno bati heltzeko anbizioa duen erantzuna, erabilgarritasun gutxiko adabakietan galdu gabe. Finean, eskubideen ikuspegi bati heldu behar zaio eta esku-hartzearen erdiko ardatza pertsonaren duintasuna izan behar da.

Bilatu