Hondakin tasa eta, bereziki, honen hazkundea albiste izaten ari da herri gero eta gehiagotan. Ez da kointzidentzia hutsa, 7/2022 Legearen aplikazioaren ondorioa baizik. Horren arabera, udal tasen bitartez zerbitzuaren kostu guzti-guztiak ordaindu behar dira, zuzeneko kostuak ez ezik, zeharkako beste kostu batzuk ere, hala nola, kontzientziazio eta komunikazio kanpainak.
Neurri honen azken helburua da hondakinen sorrerak eta kudeaketak pertsonen osasunean eta ingurumenean dituen ondorioak ahalik eta gehiena murriztea. Xede hori lortzeko erakundeek kenkariak edo pizgarriak gehitu behar dituzte, hondakin gehien sortzen duenak gehiago ordain dezan eta, aldiz, gutxien sortzen duenak, gutxiago. «Kutsatzen duenak ordaintzea» printzipioa udal tasetan aplikatzea, alegia. Izan ere, frogatuta dago hondakina sortzeagatik ordaintzea eraginkorra dela hondakinen bolumena murrizteko, baita birziklatze indizeak hobetzeko ere.
Hala ere, helburu hori lortzeko ez da nahikoa ordenantza fiskalen aldaketa. Kenkariak aplikatu ahal izateko eta finkatutako helburuetara hurbiltzeko, beharrezkoa da hondakinak biltzeko sistema osoa aldatzea. Hau da, tasaren igoera hutsak ez du ahalmen eraldatzailea, halaber neurri ausartak eta erabakigarriak planifikatu behar dira.
Legeak aurrerapen progresiboa bilatzen du. Baina, hondakinak murrizte aldera, beharrezkoa da eredu hori definituko eta gauzatuko duten eragileen borondatea. Izan ere, egiteke dagoena asko da, eta azken urteetan emandako aurrerapenak ez dira nahikoak izan; birziklatze tasa ez da modu esanguratsuan handitu. Adibidez, Bilbon, 2023an, etxeko birziklapena ez zen %29ra iritsi, eta frakzio organikoaren kasuan bilketa %3koa soilik izan zen. Hausnarketa orokorra nahitaezkoa da tokiko zergek krisi ekosozialaren aurrean izan dezaketen papera zehazteko. Fiskalitatea ez da soilik udalaren funtzionamendua bermatzeko diru sarrera iturria; gizarte eredu zehatz bat garatzeko aukera ere bada.