Maria  del Rio
Maria del Rio

La Casilla

Casillako kiroldegia leku ezaguna da bilbotar guztientzat kirol gunea izateagatik, baina baita ere urteetan zehar bertan kontzertu eta ikuskizun ugari antolatu izanagatik. Hala ere, egun, agerikoa da pabiloia eta bere ingurua berritzeko beharra. Udalak prozesu hori martxan jartzeko aukeratutako formula da arazoa: lankidetza publiko-pribatua delakoa. Udan lizitatutako kontratuaren ondorioz, obra egingo duen enpresak azpiegitura 40 urtez ustiatzeko eskubidea izango du.

Aukeratutako bidea, tradizioz, jabari publikokoak izan diren esparruetan sektore pribatuari parte hartzea errazteko modu bat da. Horrelako esperientziak osasunean, hezkuntzan edo garraioan ikusi izan ditugu. Ez da, noski, Udalaren asmakizuna; jarduteko modu hori oso ohikoa da, adibidez, Ayusoren Madrilen, bereziki, osasun arloan. Zoritxarrez, denok ezagutzen ditugu eredu horren ondorioak. Hortaz, argi dago ondasun eta zerbitzu publikoak pribatizatzeko bidea arriskutsua dela, pribatua beti «eraginkorra» eta «eraginkorragoa» dela dioen premisa okerraren pean.

Egia da aukeratutako sistemak proiektu handiak eta garestiak azkarrago egitea baimentzen duela, horiek bultzatzen dituen erakunde publikoaren aurrekontu karga diluituz. Baina horren eragin negatiboak ugariak dira: administrazioaren kontrol eskasa, pertsonen lan baldintzen gaineko eragina, kostu global handiagoak... Horri guztiari funtsezko beste elementu bat gehitu behar zaio: jarduteko bide horrek urrundu egiten ditu herritarrak hiriaren etorkizunaren garapenaren parte hartzetik. Datozen 40 urte luzetan Udalak ez du espazioaren funtzionaltasuna zehaztuko, interes pribatuen esku utzi baitu, eta interes horien funtsezko xedea, jakina denez, errentagarritasun ekonomikoa izango da.

Horrek guztiak erakusten digu kudeaketa ereduak ez direla inoiz bigarren mailakoak, funtsezkoak baizik. Kalitatezko zerbitzu publikoen alde egin behar dugu. Herritarren beharrak asetzea ezin da esku pribatuen erabakien mende utzi.

Bilatu