Maria  del Rio
Maria del Rio

Langile publikoak

Posible al da zerbitzu publiko onak izatea lan-baldintzak prekarioak direnean?

Osasun sistema publikoaren aldeko manifestazio jendetsuak egin dira EAEko hiriburuetan. Sindikatu, langile, gizarte-mugimendu eta herritarrok Osakidetzaren desegitea salatu dugu. Horren aurrean, Sagardui sailburuak esan du ez dagoela arazorik lan-baldintzekin, ezta diru faltarik, osasun arloko profesionalen falta baizik. Madrilgo Gobernuaren erabakiari soilik leporatu dio egoera, prestakuntza-plazak murriztu zituelako. Argudio eskasa: osasun publikoko arazoek ez diete medikuei bakarrik eragiten, arloko profesional guztiei baizik. Berez, giza baliabideen kudeaketa txarra administrazio publiko osoaren arazoa da. Beste eremuetan ere gertatzen da, hezkuntzan edo gizarte-zerbitzuetan. EAEk Europako behin-behineko kontratuen tasarik altuena, 40%, izatearen «ohorea» du. 60.000 pertsona, tartean 28.000 osasun-langile eta 15.000 irakasle.

Ez da ohikoa funtzionarioak defendatzea, nagitasun eta eraginkortasun ezaren irudia baitaramate. Askotan, aurreiritzi hori duten lan-egonkortasunari zor zaio, lan-merkatuan nagusitzen den prekaritatearen aurrean. Baina datuek zalantzan jartzen dute ustezko egonkortasun hori, eta galde daiteke irudi txar hori, okerra izateaz gain, zenbateraino den interesatua eta sektore publikoari ospea kentzeko ez ote den, gutxi batzuei mesede egiten dien eta gehienei kalte egiten dien pribatizazioan eta erregulazioaren desegitean aurrera egiten jarraitzeko. Posible al da zerbitzu publiko onak izatea lan-baldintzak prekarioak direnean? Onuragarria al da pazienteentzat anbulategira joaten diren  bakoitzean beren osasun-egoera profesional desberdin bati azaldu behar izatea? Logikoa al da haurrek irakasle desberdinak izatea hiru hilean behin?

Funtzio publikoa urteetan zuzendu dutenek erantzukizuna dute honetan, eta ezin da esan hau ustekabean datorrenik: administrazioetako plantillak zahartuta daude, eta 80ko hamarkadan sartu zirenak erretiroa hartzear daude. Arduradun politikoek ezin dute aitzakiak bilatzen jarraitu; zerbitzu publikoekiko benetako konpromisoa eskatu behar dugu, funtsezkoak baitira justizia soziala eta ongizatea bermatzeko.

Bilatu