Maria  del Rio
Maria del Rio

Lehen urratsen garrantzia

Indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean, mugimendu feministak erakutsi digun moduan, ezinbestekoa da emakumeen berehalako segurtasunaz, errekuperazioaz eta ahalduntzeaz aritzea; horretan jarri beharko genuke arreta, bai ehun komunitariotik bai instituzioetatik.

Ildo horretan, oso garrantzitsua da udal eremuak egin beharreko lana, prisma desberdinetatik, baita gizarte zerbitzuetatik ere. Bilbo aitzindaria izan da horretan, Berdintasun Sailak zerbitzu espezializatu bat indarrean jarri baitu, egoera oso konplexuei heltzeko eta sufritzen ari direnei erantzunak emateko xedearekin. 

Erakunde batera joatea erabakitzen duten emakumeei berehalako arreta eskaintzea funtsezkoa da, arreta profesionalizatua eskaintzea berariaz prestatutako pertsonen eskutik, hain zuzen ere. Lehen urrats hori erabakigarria da, askotan hauskorra, eta ezin zaie hutsik egin. Izan ere, jasotzen duten erantzuna amaigabeko deribazioak, itxarote zerrenda luzeak edota indarkeria matxistetan trebatu gabeko lehen arreta bada, emakume horietako askok atzera egin dezakete, laguntza eskatzeko lehen saiakera hori bertan behera utz dezakete eta indarkeriaren aurrean bakarrik gera daitezke berriro. 

Egoera horretan gaude Bilbon, azken bi urteetan bereziki. Zergatik? Erakundeek baliabideak jarri behar dituztelako. Erakundeek zaintzen dutenak zaindu behar dituztelako. Erakundeek protokoloak eta formakuntzak sortu eta indarrean jarri behar dituztelako, emakumeen nahiak eta beharrak erdigunean kokatuz. 

Erakunde bat erasoa jasan duen emakumea eta harekin lan egiten duten langile espezializatuak tratatzeko moduaren arabera ere neurtzen bada, gaur egungo egoera ez da batere ona. 

Indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa ez da adierazpen, kanpaina edo egun seinalatuekin bakarrik adierazten. Garrantzitsuak badira ere, benetako konpromisoa baliabideekin, ekipo sendoekin, berehalako arretarekin eta arreta hori ematen dutenentzat baldintza duinekin adierazten da. Bilbon ere asko dago egiteko oraindik.

Bilatu