Palestinarekiko elkartasun adierazpen ezberdinak ikusi ditugu azkenaldian. Nola ez aipatu aurreko asteko lanuzteak, edo azken urtean behin baino gehiagotan kaleak bete izan ditugula, modu zaratatsuan burrunben bitartez, edo modu ikusgarrian ekimen irudimentsuen bitartez ere. Horrez gain, genozidioaren kontrako amorrua modu iraunkorragoan adierazi nahi izan da palestinar bandera erraldoiak espazio publikoan modu kolektiboan margotuz. Adierazpide horren hainbat adibide gertu ditugu: Solokoetxeko eskaileretan, Santutxun, Getxon... baita urrunago ere, Madrilen edo Londresen Banksyren mural famatuarekin. Adibide horiek guztiek badute zerbait komunean: segituan ezabatuak izan dira kale garbiketa zerbitzuengatik. Harrigarria izan da bandera horiek ezabatzeko hartutako abiadura. Adibidez, sare sozialetan hainbat bideo azaldu dira non Palestinako banderak margotuak izan diren konpondu edo garbitu beharreko tokietan. Muralak garbitzeko erakutsitako abiadura berezi hori erabili dezaten benetan atontzea behar duten espazioak konpontzeko esperantzaz.
Behin eta berriz banderak desagertzen badira ere, temati berriro agertzen dira leku berdinetan denbora gutxira. Izan ere, murala ezabatzeak ez du Palestinarekiko elkartasuna desagerraraziko, duen indar guztiarekin hor jarraituko du; are gehiago, duen zabaltzeko gaitasuna indartzen da. Argi dagoena da ez dela kaleak garbitzeko eta zaintzeko ekintza soil bat, ezabatzean ez baita neutraltasunik hautematen, zer ikurrek irauten duten eta zeintzuk desagertzen diren erabakitzen da. Horrek ez du soilik adierazpen askatasunari buruzko eztabaida irekitzen, espazio publikoaren erabileraren gaia ere mahai gainean jartzen du. Izan ere, espazio gero eta garbiagoak bultzatzen dira: aseptikoak eta, omen, apolitikoak, herritarren parte hartzea espazio publikotik urrunduz eta adierazpen leku gisa erabiltzea zailduz. Hala ere, oztopoen gainetik, irudimenak, bizilagunen arteko harremanak, sareak eta elkartasunak beti aurkituko du tokia gure kaleetan eta plazetan.
