Maria  del Rio
Maria del Rio

Mendian harri-koskor soil bat

Ezin dugu alde batera utzi gorroto delituak ez direla soilik gorrotoz beteriko pertsonek egindako ekintza isolatuak; prozesu konplexuago baten parte ere badira.

Madrilgo hauteskundeak inoiz baino hurbilagotik jarraitzen ari gara eta horien harira asko dago hausnartu eta esateko. Denok ikusi dugu, adibidez, bakarrik dauden adingabe atzerritarren kontrako faltsukeriaz beteriko hauteskunde-kartela, ultraeskuinaren kanpaina-tonuaren adierazgarria dena. Talde baztertuen estigmatizazioa eta gaitzespen soziala bultzatzea du helburu. Finean, zenbait kolektiboren gizatasuna ukatu eta gorrotoa zabaldu nahi da.

Gero eta ezagunagoa egiten zaigu gorroto-delitu terminoa, askotan komunikabideetan muturreko indarkeriak erakusgai izan direlako. Halere, estaldura horrek ez ditu kontuan hartzen «maila-txikiko» portaera ohikoagoak, biktimengan kalte sozial handia dakartenak. Ezin dugu alde batera utzi gorroto delituak ez direla soilik gorrotoz beteriko pertsonek egindako ekintza isolatuak, prozesu konplexuago baten parte ere badira. Portaera horiek muturreko diskriminazio gisa irudikatuak izan behar dira. Ezaugarri desberdinak dituzten pertsonekiko bereizte, baztertze eta segregazio kulturan dute oinarria. Horrela, gorroto-delituak egiten dituztenak pertsona arruntak dira; oro har, ez dira eskuin muturreko jarraitzaileak, ezta osasun mentaleko arazoak edo bestelakoak dituztenak ere. Hortaz, ezin dugu esan delitu horien atzean dauden balioak gizartean muturrekoak edo zentzugabekoak direnik; aitzitik, hein batean komunitateak partekatzen dituenak dira eta gizartearen egitura-ehunean sartuta daudenak. Beraz, uler dezakegu barometro bat badirela, gizartean balio baztertzaile horien indarra zenbatekoa den erakusle.

Aipaturiko «egunerokotasun» horren ondorioz, garbia da ez direla beti ausazko ekintzak; sarri, delitu horien biktimak eta delitugileak elkar ezagutzen dute: auzokide, lankide edo ondoko dendako saltzaileak dira. Fenomenoaren iragazkortasunak bidaltzen diren mezu pozoitsuen indarraz pentsarazi behar digu. Ez Madrilen, ez hemen, ultraeskuinaren agenda politikoa legitimatzea eta normalizatzea ez da hauteskundeei lotutako kontua soilik.

Bilatu