Maria  del Rio
Maria del Rio

Nagusia izango da

Ezin dugu ahaztu jaiak, berez, jarduera komunitarioak direla, guztiok gozatzeko modukoak. Horrek ematen die zentzua.

Ez da ezer falta: bihar Marijaia Arriaga antzokiko balkoian berriro ikusiko dugu, eta txupinazoarekin batera Bilboko Aste Nagusiari hasiera emango zaio. Txosnen muntatze-lana hasi zenetik nabaria da datozen bederatzi gau eta egunak gozatzeko irrikak kaleak hartu dituela. Hiru urte itxaron behar izan ditugu; bi abuztu gris eta aspergarriren ostean, koloreak eta aldarrikapenak berriz azalduko dira. Beharrezko geldialdiak kezka sortu zuen arren, jai ereduak eta jai gogoak osasuntsu jarraitzen dutela frogatzen hasia da. Jai parte hartzaileak eta anitzak, adin eta gustu ezberdinetara egokituak. Gauak daukan indar eztabaidaezina gorabehera, egun osoan gozatzeko aukera eskaintzen duena.

Festak eztanda egiten duenetik espazio publikoa pixkanaka-pixkanaka nola berreskuratzen hasten garen ikusteko desiratzen nago. Zirkulazioari eta leku batetik bestera igarotzeari lehentasuna eman beharrean, elkarrekintzari eta komunikazioari ematen zaio lehenespena, ezagunekin eta ezezagunekin elkartzeko aukerari. Apurka-apurka, trafikoari moztutako errepide baten erdian taldeka atseden hartzera esertzeko errespetua galtzen da, esaterako. Bada itxuraldaketa iragankorra, baita hiri-eredu aldaketa baten entsegu kolektiboa ere, zergatik ez? Finean, izaera parte hartzailea eta herrikoia duten egun hauetan herritarron lekua handitzen da, gizarte eragileen arteko distantziak murrizten dira eta izan nahi dugunaz jabetzeko aukerak areagotzen dira.

Ezin dugu ahaztu jaiak, berez, jarduera komunitarioak direla, guztiok gozatzeko modukoak. Horrek ematen die zentzua. Hortaz, jaigune inklusiboa, seguru eta eroso egoteko modukoa lortzea oinarri-oinarrizko helburua izan behar da guztiontzat, herritarrena eta antolaketan parte hartzen duten eragile guztiena. Ildo horretan, Bilboko konpartsek elkar-zaintzarako deia egin dute eta horretarako antolatu dira, aurrean ditugun egunak askatasunez eta errespetuz bizi ditzagun. Gomendioa gureganatu eta goza ditzagun jai parekideak, anitzak, euskaltzaleak, aldarrikatzaileak eta parte hartzaileak.

Bilatu