Bilbon kulturarekin zerikusia duten berri esanguratsuak izan dira azkenaldian, batez ere elkarrekin alderatzen baditugu. Aurreko asteburuan, Bilboko itsasadarrean eztabaida handia sortu zuen musika jaialdia izan zen. Bestetik, jakin berri dugu finantzaketa publikoaren murrizketak Bira Kulturgune proiektua, alegia, kultura herrikoi eta euskaltzalearen adierazle garbia, ezinbestean mugatzea eta birpentsatzea ekarriko duela. Azkuna Zentroaren ekimena ere eraldatu behar izan da, bertako espazioen pribatizazioaren ondorioz, arte garaikidea gero eta gehiago alboratuz. Era berean, erreferenteak diren museoen erreforma-proiektuetan arazoak eta gainkostuak suertatzen hasi dira; izan ere, Euskal Museoaren eta Arte Ederren museoaren kostuak igotzen eta igotzen doaz. Itsasmuseumaren etorkizuna ez da batere garbia, eta Bilboko mugetatik ateratzen bagara, egoera ez da hobetzen, horren adibide esanguratsua da Guggenheim Urdaibai proiektua.
Kulturak inbertsioak eskatzen ditu, zalantzarik ez, baina baita norabide politiko garbia finkatzea ere; eta, zoritxarrez, horren faltan gaude. Ezin da ukatu museoek kontinentea izateari utzi diotela aspaldi, eta artelanak gordetzen diren espazio bat baino askoz gehiago direla egun. Baina eztabaidagarria den ikuspuntu horren oinarrian, sortzaileen defentsa, sortze-prozesuak eta euren hedapena erraztea egon beharko lirateke. Baita kultura-adierazpenen hedapenaren eta mantentzearen alde lan egiten duten elkarteen eta taldeen sustapena eta bulkada ere. Aldi berean, kultura-industria berrantolatu beharko litzateke, kulturaren balio sozialari eta bertako langileen lan-baldintzei lehentasuna emateko.
Kultura eraikin ederretan inbertsio handiak bai, baina kulturan? Zergatik gastatu milioiak eraikin polit erraldoietan, kultura herritarra itotzen duten bitartean? Zein izango da museoen kultura eskaintza sorkuntzari aukerarik ematen ez badiogu? Eta kultura politiken helburua zein da, herritarrei ekarpena egitea edo turismoaren industria elikatzea? Asko dago argitzeko eta egiteko. Kultura ezin da noraezean egon.