Maria  del Rio
Maria del Rio

Osasun sistema gureganatuz

Herritarrek osasun zerbitzuaren parte sentitzeko iritzia ematea bermatu beharko zaie, gardentasuna eskaini eta, noski, bakoitzaren familia medikua edo seme-alaben pediatra gertu izatea.

Osakidetzari lotuta hainbat berri izan dugu egunotan albistegietan eta, tamalez, bat bera ere ez da positiboa izan, Basurtuko Ospitalean bihotzeko kirurgiaren itxiera kasu. Osasun sailburuak arretan emango den «kultura aldaketaz» ohartarazi du asteon; hau da, zerbitzuak urrunago izango ditugula zenbaitetan. Bestetik, lan eskaintza publikoetan emandako iruzurrak salatzeak zer-nolako ondoriok dituen ere jakin ahal izan dugu, jazarpena dela medio. Tartean, lehen arretako egoera lazgarria salatzeko mobilizazioak izan dira. Eta adibide batzuk baino ez dira.

Inork ez du zalantzan jartzen osasunerako eskubideak giza eskubideen artean duen ezinbesteko lekua bizitza duinak lortze aldera. Eskubide hori osasun arreta eta zentroetarako sarbidearekin lotu ohi da, eta biak garrantzitsuak izanik ere, ez dira nahikoak. Eskubide konplexua eta inklusiboa da, osagai desberdinek osatutakoa, hala nola ura eta elikadura egokiak eskura izatea, edota lan eremu zein ingurumen osasungarrietan bizitzea. Horiek guztiek ezaugarritzen dute osasunaren kalitatea.

Argi dago kalitatezko zerbitzuak nahi ditugula, gorputz eta buru osasun maila ahalik eta onenak izatea ahalbidetuko digutenak. Autonomia ere espero dugu, egokitzat ditugun sendabideak onartzeko eta desegokitzat ditugunak baztertzeko; etika medikoa betetzea eta genero gaietan sentsibilitatea espero ditugun bezala. Baina badira bestelako gaiak, oharkabean gera daitezkeenak garrantzitsuak izan arren. Osasun sistemaren onuradunek neurriak diseinatu eta aplikatzeko garaian ere hitza izatea da horietako bat, parte hartzea oinarrizkoa delako. Halaber, osasungintzako arduradunen aldetik egiten denarekiko argitasuna eskatu behar da, eta osasun zerbitzuak guztientzako eskuragarriak izatea, inolako bereizkeriarik gabe.

Hartara, herritarrek osasun zerbitzuaren parte sentitzeko, eskubide ugari egikaritu behar dira. Iritzia ematea bermatu beharko zaie, gardentasuna eskaini eta, noski, bakoitzaren familia medikua edo seme-alaben pediatra gertu izatea. Ez da inongo apetarik, eskubide baten garapen egokia bermatzea baizik.

Bilatu