Posible da
Hirurogeiko hamarkadaren amaierara arte, Irlandako iparraldean, etxebizitzaren jabetzak tokiko hauteskundeetan botoa emateko aukera baldintzatzen zuen. Egoera nabarmenki diskriminatzaile hori guztiz onartezina zen, eta katolikoei zuzenean kalte egiten zien. Egoera hori amaiaraztea izan zen eskubide zibilen aldeko mugimenduaren aldarrikapen nagusia, eta haren errepresioak ezagutzen ditugun ondorio historikoak izan zituen.
Nahiz eta errealitate alderagarriak ez izan, arrazoi anitzengatik gertaera historiko horretaz oroitu naiz Caritasek egindako Foessa txostena irakurtzean. Izan ere, txosten horrek agerian uzten du etxebizitza gizarte-arrakalen bektore eta gizarte-bazterketaren funtsezko faktore bihurtu dela. Gaur egun ere etxebizitza eskubidea bizi kalitatea bermatzeko baldintza da, baita beste eskubide batzuk eskuratzeko baldintza ere.
Jada, ez gara harritzen irakurtzen dugunean etxebizitza egoki bat eskuratzea ez dela gazteei emantzipatzea eragozten dien arazo larri bat soilik. Izan ere, gero eta sektore gehiagok pairatzen dituzte etxebizitza larrialdiaren ondorioak modu zuzenean. Egia da inoiz ez dela erraza izan etxebizitza eskuratzea, baina oraingo egoera bereziki kezkagarria da. Ezinbestekoa da egoera honi buelta emateko politika publiko ausartak eta konpromiso serioak berehala hartzea.
Ez da nahikoa egungo egoerari adabakiak jartzen saiatzea; eredua goitik behera aldatu behar da bidezkoagoa eta demokratikoagoa izan dadin; diru-sarreren eta etxebizitzaren prezioaren arteko desorekek bizi-proiektu duinak gauzatzea baldintzatu ez dezaten.
Ez dago errezeta magikorik, baina jakina da neurri asko har daitezkeela, egungo legediak jada baimentzen dituen neurriak. Baina, zalantzarik gabe, kontrolik gabeko egungo merkatuan esku hartu beharra dago. Argi utzi behar da etxebizitzek bertan bizitzeko balio behar dutela eta etxebizitza babestua sortzeko beharra dagoela. Bizitzen ari garen garai aldakor honen oinarrizko erronka honi ezin zaio bizkarra ematen jarraitu.
