Maria  del Rio
Maria del Rio

Sarearen haria

«Hodeia» deitzen dugunaren atzean datu zentro erraldoien sare handiak daude; horiek oso fisikoak dira eta, kasu honetan ere, energia kopuru izugarriak behar dituzte martxan jarraitzeko.

Agerikoa da baikortasuna itzuli dela. Pandemiari eusteko neurriak malgutu dira eta jada udako oporren inguruan hitz egiten hasiak gara. Hortaz, orain kezka nagusia ez dira unean uneko aldaketak, baizik eta olatua pasatu ostean iraungo duten moldaketak eta horien kudeaketa.

Horren harira, azken asteetan atentzioa eman didan berria izan da zenbait salgairen faltaren ondorioz hainbat sektoreen produkzioa gelditu behar izan dela; esaterako, automobilen sektorean. Kotxeek beharrezkoak dituzten mikrotxipen urritasunaren atzean dauden azalpenetako batzuk pandemiarekin oso lotuak daude: ohitura aldaketen ondorioz tresna elektronikoen eskariaren bat-bateko handitzea eta itxialdiaren ostean eskaria espero baino azkarrago berreskuratu izana daude gehien errepikatzen diren argudioen artean. Arrazoi zehatz horiez harago, nabarmentzekoa da txipen munduko ekoizpena konpainia gutxi batzuen esku dagoela eta oso prozesu konplexua dela, energia eta ur kantitate izugarriak eskatzen dituena. Hortaz, unean uneko arrazoiak badira ere, ukaezina da bizi garen sistemaren konplexutasuna eta hauskortasuna.

Are gehiago, aste honetan bertan hainbat webgune erorita egon dira ordubetez. Albistean pixka bat sakonduz, ondoriozta daiteke Internet ez dela ezjakinok uste dugun bezain etereoa eta ekologikoa. Komunikazioak, ekonomia eta gizarte modernoen funtzionamendua oinarri dituen sarearen ahulezia agerian geratu da. «Hodeia» deitzen dugunaren atzean badira datu zentro erraldoien sare handiak horiek oso fisikoak dira eta, kasu honetan ere, energia kopuru izugarriak behar dituzte martxan jarraitzeko. 5G sarearen hedatzeak eta eskaintzen dituen aukera digitalek kontraesan horiek areagotuko dituzte.

Dudarik gabe, bideodeiak egiten jarraitzea espero dut, bereziki bileretarako bidaiak saihesteko eta denbora aurrezteko. Hori bai, etorkizuna marrazten dugunean, eztabaida zintzoak izan  beharko ditugu baliabide naturalen eskasia aintzat hartuta. Teknologiaz baliatu bai, baina jarrera kritikoa mantenduz eta garapen teknikoan dugun fede itsua alboratuz.

Bilatu