Maria  del Rio
Maria del Rio

Sextorsioa

Honekin sexu-abusuaren eta sexu-erasoaren bereizketari buruzko debatea berreskuratzen da, bai eta biktimaren adostasunaren esanahiari eta irismenari buruzkoa ere.

Tarteka, epai deigarriak azaltzen dira, legea aldatu beharrik gabe ere, haren interpretazioa hankaz gora jartzen dutelako. Auzitegi Gorenak berriki gizon bat kondenatu du emakume adingabe bati sexu-erasoa egiteagatik. Kasu honetan, azpimarragarria da ez dela kontaktu fisikorik izan biktima eta erasotzailearen artean, epaitutakoa ziberindarkeria edo sextorsio gisa ezagutzen den jokabidea izan da; hortaz, sare sozialen bidez egindako urrutiko sexu-erasoaz ari gara. Biktimaren irudi intimoak erakusteko mehatxua larderiazko ekintzatzat hartu da, biktima bere gorputzaren argazkiak eta sexu-praktikak ikusten ziren bideoak bidaltzera derrigortua izan baitzen. Finean, garbi uzten da sexu-indarkeria egon daitekeela kontaktu fisikorik gabe.

Epaiari jarraituz, agertoki digitalean gertatzeak ez dio ekintzari garrantzirik kentzen; IKTen «dimentsio soziala» larderia tresna indartsu bihur daiteke eta. Edonorentzat, baina bereziki emakume gazteentzat, gorputz biluziaren irudia zabal banatzea, batez ere, eduki sexualeko ekintzak erakusten direnean, arrisku oso larria da. Bere intimitatea kaltetzeaz gain, harreman pertsonalak eta pertzepzio indibidual eta soziala alda ditzake. Horren harira, auzitegiak nabarmentzen du biktimak jasandako sexu kosifikazioaren ondorioak oso larriak izan daitezkeela bere bizitzako hainbat esparrutan. Azkenik, epaiak salatzen du emakumearen kriminalizazio, umiliazio eta mespretxurako hedapen-sare mekanismo horien erro matxista eta patriarkala.

Garrantzitsua izango da interpretazio berri honen arrastoari jarraitzea, izan ditzakeen ondorioak eta eraginak ikusteko. Gutxienez, argi dago honekin sexu-abusuaren eta sexu-erasoaren bereizketari buruzko debatea berreskuratzen dela, baita biktimaren adostasunaren esanahiari eta irismenari buruzkoa ere. Eztabaida 2016ko sanferminetako sexu erasoaren osteko epai polemikoaren harira piztu zen, eta laster pil-pilean egongo da berriz, Kongresuan jorratuko baita Sexu Askatasunaren Berme Integralari buruzko Lege Organikoaren egitasmoa, «Soilik bai da bai» gisa ezagun egin dena.

Bilatu