Zaintza, amaieran ere
Eutanasiari buruzko eztabaida berriro ireki da, eta ez modurik onenean, ez behintzat beharrezko lasaitasun eta sakontasunarekin. Edozein kasutan, garrantzitsua da gogoratzea Eutanasiaren Legeak gure bizitzaren amaierari nola aurre egin erabakitzeko aukera ekarri zuela; askatasuna eta duintasuna oinarri izanik. Alde horretatik, zainketa aringarriez ere hitz egin behar da. Gainera, erronka zabalagoa eta konplexuagoa da, bilatua ez den bakardadea eta hauskortasun soziala gero eta pertsona gehiagori eragiten dieten egiturazko fenomenoak baitira. Horretaz gain, hainbat elementu hartu behar dira kontuan, hala nola biztanleriaren zahartzea, gaixotasunen kronifikazioa, familia ereduen eraldaketa eta laguntza sare tradizionalen ahultzea. Horregatik, beharrezkoa da gizarte gisa nola zaintzen dugun birpentsatzea, une zail horietan ere bai.
Gaixotasun aurreratuen kasuan edo heriotza suertatzen denean, gaixo dagoen pertsonaren inguruan lurrikara bat gertatzen dela esan dezakegu, eta kudeatzeko oso zailak diren emozio asko sortzen dira une horietan. Testuinguru horretan eskaintzen diren osasun irtenbideak edo gizarte zerbitzuek proposatzen dituztenak ez dira nahikoak pertsona baten bizitzan hain erabakigarria den une bati modu egokian aurre egin ahal izateko. Horregatik, garrantzitsua da komunitatetik ere prozesu horiek laguntzea. Funtsezkoa da ekintza publikoa komunitate ehunarekin lerrokatzea, benetako laguntza sareak sortzea eta erronkari modu bateratuan ekitea. Finean, sostengu komunitarioa sortzea, zaintzen dutenak zaintzea eta doluaren bakardadean laguntzea. Politika publiko argirik ez badago ere, berrikuntza sozialean oinarritutako esperientziak ugaritzen hasi dira.
Herri zaintzaileak merezi ditugu, zaintza erdigunean jartzea egun premia da eta. Zaintzak bizitzaren eremu eta une guztiak zeharkatu behar ditu, baita gure bizitzako azken etapa ere. Izan ere, zaintzea ez da soilik zerbitzuak eskaintzea, baizik eta komunitatea eraikitzea, loturak indartzea eta bakardadeari edo bizitzaren amaierari bakardadean aurre egin behar ez izatea bermatzea.
