Maria  del Rio
Maria del Rio

Zaintza ikusezina

Bilboko ikastetxe eta udal eraikinen garbiketa zerbitzuko langileek hilabeteak daramatzate protestak aurrera eramaten lan baldintza duinen alde. Otsailetik hona hiritik ibili denak seguru asko izandako hamaika protestaren batekin egin du topo. Bilbo osotik zehar eserialdiak, zirkulazio mozketak, pankartak, zarata… ohiko paisaia bihurtu dira. Baina lanuzteen eragina benetan nabaritu dutenak udal zerbitzuen erabiltzaileak izan dira. Horrela, ondorioak agerikoak izan dira kultur etxeetan edo liburutegietan; eta, bereziki, eskola eta haur eskola askotan, non zikinkeria, zaborra eta usain txarrak pilatu diren. Izan ere, garbiketa lanaren helburua ez da lekuaren itxura txukuna mantentzea soilik, funtsezko zaintza lana ere bada. Haurren heziketa modu seguruan eta osasungarrian egin ahal izateko ezinbesteko jarduera da.  Hiriak aurrera jarrai dezan eraikinen garbiketa egokia ezinbestekoa dela gero eta argiago geratzen ari da, sarritan lan ikusezina den arren.

Sektorea prekarizatua eta feminizatua da oso, eta lan baldintzak hobetzea eta enpresa hitzarmen propioa lortzea dira langileen aldarrikapenak. Oso deigarria da, esaterako, kale garbiketako langileekiko dagoen soldata arrakala handia; aldea %80koa dela salatu dute. Lan gatazka honek berezitasunak ere baditu, gure gizarteak zaintzari eta funtsezkoak diren lanen bizitzari ematen dioten benetako balioaren ispilu ere baita. Pertsonak eta bizitza erdigunean jartzea ezin da lelo hutsa bilakatu, konpromiso politiko serioa eskatzen du benetan egikaritu ahal izateko. 

Zerbitzu publikoen pribatizazioak prekarizazioa elikatzen du, kudeaketa ereduaren berraztertzea behar bat bilakatu da. Udalaren inplikazio zuzena ezinbestekoa da egoera bideratu ahal izateko, ezin du bere erantzukizuna alboratu. Izan ere, udal espazioak erabilgarri eta osasuntsu mantentzea bada Udalaren ardura, kudeaketa modua edozein dela ere. Gatazka honen amaiera ez da soilik lan baldintzak hobetzea, baizik eta zaintzaren garrantzia aitortzea eta kudeaketa ereduaren hautaketaren ondorioaz kontziente izatea ere. 

Bilatu