Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Demokrazia izatearen arintasun jasanezina

Kunderarenak 40 urte betetzen dituen honetan, agian, haren lorratza aprobetxatu beharko genuke itxuraz askoz potoloagoak diren pasadizoak hausnartzeko. Adibidez, II. Mundu Gerraren akaberari (oraingoz) egin zaion osoko zuzenketarik handienaz gogoeta egiteko. Gure eurozentrismo tentelak ez ikusiarena egiten badio ere (edo benetan ikusten ez dugulako ote?), horixe baita Japonia eta Estatu Batuen artean gertatzen ari dena. 1945-46koaren berridazketa.

1941eko abenduaren 7a igandea burusoila izan zen. Hiroshiman eta Nagasakin ekaitz gaizto bat suertatu bide zen (ala Txina izan ote zen?). Inoiz ez zen USS Missouri-rik agertu Tokioko badian... Eta MacArthur-ek ingelesez idatzita japoniarrei eman zien Konstituzioak hamaika itzulpen zilegitzen ditu. «Lost/added in translation», izango da oraingoa ere. Berrarmatzeaz ez ezik, Japoniak arma nuklearrak ere edukitzea/ekoiztea baita oraintxe bertan kontua. Eta, nola ez, itsas armada berreraikitzea. Duela 80 urte ofizialen ezpatak ere kendu eta ebastea beharrezkoa zela deliberatu zuenaren onespen kartsuarekin. Komeria osatzeko edo, S. Paparo delako bati esleitu diote MacArthurren papera berrantzeztea.

Tenore horretan ari da azken txanpara hurbiltzen Alderdi Liberal Demokratikoak Fumio Kishidaren ordezkoa –eta, bide batez, Japoniako hurrengo lehen ministroa– hautatzeko abian duten prozesua. Bederatzi hautagairen artean. Errematerako, haren aliatua den Komeito budista ere lider-aldaketa bete-betean dago. Eta datorren urtean hauteskundeak datoz.

Baina, hala ere, ematen du Mendebalde Bateratuan inori ez diola axola. Zinez, inori ez diolako axola. Liberal-demokraten lider-gaiak elkarren klonikoak direlako, hein handi batean. Irabazten duenak irabazten duela –baita datorren urteko hauteskundeetan ere–bertsua izango delako politika. Elite bat eta berberaren kimuak direlako guztiak. Orduan bezalaxe orain.

Eta elite horren hautu nagusia ez delako zer egin, baizik noren alde jarri.

Bilatu