Zergatia jakitea inoiz lortu ez dudan zerbaitegatik, gaztelaniazko hainbat esamoldek tontotasunaren eredutzat jo ohi du Abundio izeneko norbait. Azken hamarkadotan, gasolina erostearren motoa saldu izana egotzi ohi zaio Abundio gizajoari.
Horrelako ateraldiak tontotasunaren zerizanarekin parekatzeak, ordea, isekatu nahi denaren paretsuko zerbaitetan erortzera eramaten gaitu. Izan ere, Abundiori egozten zaizkion ia guztiak izan ohi dira «berehalakotasuna lehenetsi, neurriaren kontraesanak aintzat hartu gabe» tenoreak. Eta horrelakoak, ugariegiak ditugulako edo, ez ditugu tontotzat jotzen gehienetan.
Har dezagun adibide bikain eta hurbilena: Albares ministroa kontramaisu dela Pedro Sanchezen Gobernuak Mendebaldeko Sahararen auzian jo duen aldaketa horri buruz hamaika kalifikazio jaulki dira –lotsagarria, duintasunik gabea, traiziozkoa, zuzenbidearen kontrakoa...; errealista dela diote beraiek–; baina, nik dakidala, inork ez dio tontoa deitu. Azkar ustekoa, gehienera.
Hala ere, garbi baino garbiago, Abundiok motoarekin egin omen zuen operazio berbera egin du Sanchezen Gobernuak: berehalakotasuna (Ceuta eta Melillaren estatusa, migrazioa, eta abar) lehenetsi, neurriak (zuzenbidez Espainiari dagokion eskubide/betekizuna saltzeak) bere-berezkoak dituen kontraesan ikaragarriak aintzat hartu gabe.
Edo benetan uste al du norbaitek Marokok Ceuta eta Melilla okupatzen dituen egunean (eta okupatuko ditu, ez izan zalantzarik; Espainiak Gibraltar baino lehenago, gainera), munduan inork aintzat hartuko duenik Madrilen, «hiri horiena ez baita Ifni edo Saharako auzia bezalakoa» esanez, altxatuko den kakaraza?
Haatik, Albares eta konpaientzat are gaiztoagoa bihurtzen da Abundiorekiko kidetasuna monarkia alauiaren jomuga geopolitiko gorena, Ceuta eta Melilla berreskuratzea baino askoz ere goragokoa, Kanaria uharteak bereganatu eta Afrikako potentzia atlantikoa bihurtzea, ekuazioan txertatzen denean. Mendebaldeko Sahararen jaun eta jabe izateak emango liokeen indargarriarekin. Eta Ameriketako Estatu Batuen bedeinkazioarekin, noski. Aljeriak eta abarrek uzten baldin badiote.
Abundio Albares
Garbi baino garbiago, Abundiok motoarekin egin omen zuen operazio berbera egin du Sanchezen Gobernuak Mendebaldeko Sahararen auzian.
