Espero beharrekoa zen, eta berehala etorri da. Tianjineko Hirukoaren argazkiak eztenkatu ditu burmuin batzuk han falta zen handienaren gorenean, Trumpen boteprontoko txio trauskilak baino harago –hiru egunera Tiananmengo plazan ikusi zenak ere kitzikatuko zituen, ziurrenik, beste batzuen neuronak, baina gogoeta horiek ez zaizkigu horren erraz helaraziko–.
Biden administrazioko bi arranok, Kurt Campbell eta Rush Doshik, mahairatu dute gaia "NYT"-en Tianjinekotik astebetera, pasarte apokaliptikoak ere badituen iritzi artikuluan; "Amerikak bakarrik ezingo du Txina menderatu, baina gure aliatuekin, ez legoke kolorerik", dio tituluak. Biden-aldiaren azken fasean biek kudeatu zuten estrategia, Txinari mugarri estu eta hesi altuak jartzekoa, goresten (eta, ifrentzuz, Trumpen oraingoa maiseatzen) du ikuskerak, jakina.
Hartara jarrita, batek galdetzen dio bere buruari zergatik ez ote duten artikulua izenpetu bi sinatzaile horien lankide ez ezik nagusi ere izan ziren Wendy Sherman edo Anthony Blinkenek. Ulergarriagoa egiten zait V. Nulandek ez sinatzea.
Aliatuak behar omen ditu AEBk Gaizkiaren Hirutasuna menderatzeko. Bueno, askoz hobe, Bitasunean geratuko balitz Gaizkia. Eta zer esanik ez, Bakuna izango balitz. Badaezpada artikuluak ez du Kissinger aipatzen, haren estrategia alderantzikatzea proposatzen dutela esateko... hark hil hurren ere Txinarekiko harremanez zioena gogora ekar diezagukeelako.
Biharamunean jaso zuten erantzuna Campbell eta Doshik. Bannonekin solasean, Peter Navarrok, Trumpen aholkulari kuttunak, historiaren halabeharrari heldu zion AEBrentzat arriskua hutsaren hurrengoa dela ebazteko. Elkar akabatzen aritu omen dira betidanik Brics-ak, eta horretan jarraituko omen dute etorkizunean ere. Bejondeiola haren aholkuak jasotzen dituenari.
Bi ikuskera horiek badute, ordea, ardatz erkidea: «Aliatu» diotenean, «morroi» esan nahi dute. Argi geratzen da hori batean eta bestean. Eta halaxe aditzen du, demagun... Indiak. Ulergaitza ote?
