Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Arauetan oinarrituta

Zer besterik izan da Trumpen agintaldi osoa, behin edo behin sagaratuta egon diren arauak zikiratzea baino, etxean nahiz atzerrian?

Ulergaitzena da modan jarri nahi dutela esamoldea: “Arauetan oinarritua”. Gauzak bikain egiteko modu ziurra hori dela baleritzote bezala. Hurbilago maizegi entzun ohi dugun “las leyes y normas que nos hemos dado” horren tankera handia hartzen diot. Oraintxeko adibide bat: sei aldiz erabiltzen du “rules-based international order” esapidea Estatu Batuetako Estatu Idazkaritzak arestian argitara eman duen “The Elements of the China Challenge” estrategia-eskuliburuak (Pompeo eta Miles Yu-ren argudioteka, zehatzago esanda). Noski, ez da inondik ere argitzen zein diren arau horiek, nork ipiniak diren, noiztik leudekeen indarrean (bueno, II. Mundu Gerraz geroztik leudekeela ondoriozta liteke), noraino bete ohi diren. Hor baitago koska. Argi geratzen da, hori bai, zintzoek beti arauak bete egiten dituztela, eta gaiztoek alderantziz.

Adarjotze bipila da kontzeptua bera, araurik eza edo, agian, hobeto esanda, teorian ontzat emandako arauen urraketa lotsagabea, nazioarteko harremanetan, adibidez, ohikoa bihurtzen ari den garai hauetan. Zer besterik izan da Trumpen agintaldi osoa, behin edo behin sagaratuta egon diren arauak zikiratzea baino, etxean nahiz atzerrian? Eta haren aurrekoen agintaldietan egindakoak?

Baina eskarnioak markak hausten ditu, beti bere arau-gabetasuna arrandiaz erakutsi digun Israelek hamaikagarrena egin eta Mohsen Fakhrizadeh zientzialari irandarra erail duenean. Arauak hain gogoko omen dituztenek, urraketa salatu (zer gutxiago!) ere egin gabe, ondorioen errezeloa edo beldurra besterik ez baitute adierazten. Hau da, arau-hauste lotsagabe horrek beste arau-hausteren bat ere ekarriko duela. Gogoratuko ote dute horrelako dinamikak ekiditeko, hain zuzen, ezartzen direla arauak?

Azkenean gertatuko da garai batean hainbat edalekutan, irribarrea eragiteko asmoz edo, eskegita egon ohi zen arrunkeria hura (“1. Artikulua: nagusiak beti arrazoi du. 2. Artikulua: nagusiak arrazoirik ez duenean, 1. artikulua aplikatuko da.”) ez zela pellokeria bat, baizik XXI. mendeko Zuzenbide Internazionaleko lehen ikasgaia.

Bilatu