Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Arauetan oinarritutako ordena

Hori guztia kudeatzen zutenek arau-zaletasuna nola ulertzen duten ikusi ahala, ordea, «ordena» kontzeptua bera ere hala moduzko zerbait bilakatzen zen

Bere horretan, itxura polita hartzen zitzaion hasiera batean esamoldeari: «arauetan oinarritutako (nazioarteko) ordena». Munduak arauei men eginez funtzionatu behar zuen; hori zen oinarrizko irizpide erkidea.

Baziren, noski, arauak aintzat hartzen ez zituztenak, eta «rogue states» kategorian erortzen ziren halakoak. Bilau horien zerrenda batzuetan luzexeagoa eta besteetan laburragoa izan ohi zen, baina beti han agertu beharrekoak ere bagenituen. Arazoa katramilatzen zen ditxosozko «arauak» zein ziren, nork jartzen zituen, zergatik eta abar zehazten hasterakoan. Eta erabat zirpiltzen zen haren sistematikotasunaren bidegurutzera heltzen zinenean: izan ere, baziren batzuetan irmo eta zorrotz aplikatu behar ziren «arauak», handik gutxira beste nonbait alderantziz zirela ziruditenak.

Hori guztia kudeatzen zutenek arau-zaletasuna nola ulertzen duten ikusi ahala, ordea, «ordena» kontzeptua bera ere hala moduzko zerbait bilakatzen zen. Trumpen agintaldia argigarria izan da horretarako. Presidentetzan egin eta desegin zituen guztien ondoren, ez didazue ukatuko markakoa dela Mar-a-Lagon zerabiltzan paper sekretuen harira argudiatu (?) duena: pentsamendu hutsarekin desklasifikatzen zituela sekretuak berak. Hori bai «arau» eztabaidagaitza!

Baina, antza, Trump motz utzi behar du «Rules based order» hura are gogokoagoa zuen Scott Morrison australiarrak. Aurten agintea kendu dion Albanese zur eta lur geratuko zen aurkitu duenean Morrison, lehen ministroa ez ezik, beste bost ministerioren arduraduna zela. Isilpean. Hain isilpean, ezen ardura horien titular ofizialek ere ez omen zekiten kartera erdi bana zeramatela nagusiarekin. Ikerketa ofizial bat burutu da arestian, baina gauza handirik argitu gabe, ez bada Morrisonek zein malgu ulertzen dituen irmoenak diruditen usadioak ere.

Azkenean, beti, Shang Yang aspaldikoak esan omen zuena bururatzen zaizu: «Agintzen duenaren borondatea da legea». Araua, kasu honetan.

Bilatu