Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Arrautzak kraskatu gabe

Mark Carney-rena izango da errua, azkenean. Berrehun kilometro baino ez daude Davosetik Munichera, eta lau aste eskas igaro dira kanadarrak Suitzako “aberast-urian” jaulki zuen hitzaldiak ia «Europa osoaren» (eta europarrak ez diren askoren) txalo zaparrada jaso zuenetik. Agian horrexegatik (eta Carney bera Munichen ez zelako, beharbada) berresan dute haren antzeko zerbait Municheko Segurtasun Konferentziako karaoke-castingean, titulartxo bat lortzeko irrikaz, hitz egin duten gehientsuenek. Ñabardurekin, noski.

Baina ez nolanahiko ñabardurak, alafede. Izan ere, Davosen Carneyk esan zuen nazioarteko entente ekonomikoak trantsizioan ez ezik haustura-aldian daudela; arauetan oinarritutako ordena globalaren garaia (inoiz halakorik izan bada) amaitu dela; eta erdi mailako potentziek elkarrekin jardun behar dutela hegemonia estatubatuarrak azpiratu ez ditzan, labur esanda.

Merz eta abarren ahotik Munichen entzun denak aintzat hartuko luke Carneyren abiapuntua. Itzuli-mitzulika, wrecking ball-aren metafora baliatuz –baina suntsi-makinaren kabinatik nor eta zergatik ari den argitu gabe–, ordena zaharra erauzita dagoela ozen aitortzen da jada. Argi geratu da, gainera, Europarentzat Trump 2.0 aldiaren biharamuna iazko Vanceren biraoen eta aurtengo Rubioren errieten artean bilaka daitekeela. Gavin Newsom-engan aparteko itxaropenik ez dutenentzat bederen.

Baina hortik aurrera dator koska. Carneyren hitzetatik nekez ondoriozta baitaiteke bestelakorik: «Erdi mailako potentziek» Estatu Batuen sukaldetik kanpo tortilla egin nahi badute... arrautzak kraskatzen hasi beharra dago. Arrautza ekonomikoak, politikoak, diplomatikoak; agian, militarrak. Kanadaren kasuan, litekeena da hori hautazkoa ez izatea, gainera.

Eta horixe da, hain zuzen, Municheko hizlari europar gehien-gehienek saihestu nahi izan dutena: ez da onartzen AEBrekiko arrautzak kraskatzen hasi behar duela Europa «zaharrak». Tortilla bai, baina arrautzak kraskatu gabe...

Ustelduta daudela susmatzen dugulako ote? 

Bilatu