Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Bakeroak, kuakeroak eta guakeroak

Iraganeko gorabeherak epaitzeko behar besteko adorerik ez dagoenean... gertatzen dena da Xabier Minak, 200 urte geroago, kalerik, plazarik eta oroitarririk gabe jarraitzen duela bere sorterrian bertan ere

Uste baino dibertigarriagoa ari da izaten ingurumari hauetan Mexikoren independentzia ofizialdu zeneko berrehungarren urteurrena. Oraindik denboratxo bat geratzen denez Ayacuchokoak ere beste berrehun egin ditzan, ba, entretenigarria ez zaigula faltako iragarri liteke. Eta dagoeneko, eratu dira Espainian horren aurreko lerrokadura nagusiak. Zalapartatsuenak, nola ez, neure artean “bakeroak” deitu ohi ditudan horiek dira. Historiako jakintza guztia FEN irakasgaiarekin jasotakoak direnez, eta handik aurrera western merkeenekin “kulturatuak”, harrotasunaren bandera haizatu dute, besterik ez dutelako agian. Rodriguez Galindo “pentsalariaren” gogoeta eguneratzea bakarrik falta izan zaie. Nihil novum sub sole.

Kezkagarriagoa da, haatik, kuakero usteko horiena. XXI. mendean espainiar kolonizazioari buruzko gogoeta eskatuta, “iraganeko gertaerak gaur egungo ikusmoldeekin ezin direla epaitu” dioten horiena, alegia. Hara non beste gauza batzuetarako erlatibismo morala arbuiatzen dutenek erlatibizatu nahi dituzten bere garaian ere erlatibotasun gutxi zuten kontuak. Edo Bartolome de las Casas eta beste hainbat zer izan ote ziren bestela? Baina iraganeko gorabeherak epaitzeko behar besteko adorerik ez dagoenean... gertatzen dena da Xabier Minak, 200 urte geroago, kalerik, plazarik eta oroitarririk gabe jarraitzen duela bere sorterrian bertan ere.

Ezin harrituko gara, beraz, inork oraindik aipatu ez izana benetan espainiar kolonialismoaren ikur bereizgarria izan behar luketenak: guakeroak. Batik bat Andeetako eremuan, baina ez han bakarrik, aztarnategi arkeologikoen arpilatzaileak izurri kultural higuingarritzat dituzte munduko kultura-erakunde guztiek, baita haien ebasketez hornitzen direnek ere… Baina ia inork ez du gogoratzen espainiar kolonizazio-ereduaren ondorio zuzen-zuzena direla guakero horiek. Errege-ondarearen baimenarekin, eta hari bostena ordainduz, abian jarritakoaren oinordekoak. Eta XVI. mendean ere bazekiten hilobiak arpilatzea oso itsusia zela…

Bilatu