Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Balik ez zuen balio izan

Biden harro agertuko da, ziur; baina jakingo ahal du Beijingen berarekiko eduki zezaketen konfiantza apurra iraungi egin dela jazoerarekin.

Iazko azaroan G20ren Baliko goi-bilera amaitu zenean, nahiko pozik geratu ziren baten batzuk; Joko Widodo anfitrioia, ulergarria zenez, aurreko hilabeteetan berak egindako ezkontzagin-lana ez zelako alfer-alferrikakoa izan. Edo diru-merkatuak, batez ere Asiakoak, Ukrainako gerraz haraindi, udaz geroztik Ekialde hartan ere nabaritzen zen tentsioa amatatu omen zelako.

Eszeptikoagoak ginen beste batzuk. Pasadizoak eta argazkiak gorabehera, bilkuraren emaitza azpimarragarri bakarra baitzen talka-joairan zihoazen bi handiek, Estatu Batuek eta Txinak, ika-mikak eztitzea adostu zutela. Nagusi-nagusien zuzeneko aurrez aurrekoan, Biden Etxe Zurira iritsi zenetik lehen aldiz. Eta horretarako lehen urratsa izango omen zen Blinken Estatu-idazkariak Beijingera egingo omen zuen bisitaldia.

Gogoan dut neure golkorako, eta ez dakit ozenago ere, esan nuela: «Kostako zaiguk ikustea!». Urte eta erdi lehenago Alaskako Anchoragen Blinken bera eta Yang Jieshi-ren arteko hura ikusi genuen askok irudipen bertsua izan genuela esango nuke: idazkari estatubatuarrari ez ziola batere ilusiorik egiten txinatarrekin biltzeak. Baina nagusiak aginduta bazen...

Ez genbiltzan horren oker. Beijingeko bilkurak asteburu honetarako hitzordua zuela-eta geure buruarekiko apustua galduko genuela etsita geundenean, hara... eta bilera bertan behera geratu da sine die.

Paperak alderantzikatuta, Gary F. Powers-en U2aren remake bufoa zirudien antzezpen batean, Baliko egiantzeko konpromiso bakarra ezerezean geratu da. Batek daki noiz arte. Gaur bertan ganberen aurrean egingo duen Batasunaren Egoeraren hitzaldian, Biden harro agertuko da, ziur; baina jakingo ahal du Beijingen berarekiko eduki zezaketen konfiantza apurra iraungi egin dela jazoerarekin. Are gehiago, ondorengo aste/hilabete hauetan Kevin McCarthyk ere Taiwanera joan eta kukurruku jo nahiko duenez...

Balikoaren aurretiazko egoeran, ez, okerragoan gaude jada.

Bilatu