Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Bi handien tren-talka

Eta barruan, antza denez, solasa ez zen gozoagoa izan, ostean alde bakoitzak adierazi duena aintzat hartzen badugu. Talka, beraz, argi baino argiagoa da bi handienen artean

Deliberatu beharko dugunez munduko potentzia nagusien kanpo harremanetako arduradunek ondo baino hobeto ezagutzen dutela, zuzen nahiz oker, Einsteinen ahotan ipini ohi den hura: «Behin eta berriz gauza berbera egin eta emaitza desberdina espero izatea da erotasuna»; eta, aldi berean, arduradun horiek burutik eginda ez daudela ebatzi beharko denez, nahitaezkoa da ondorioa: lortzen ari diren horixe lortu nahi dute. Alegia, tren-talka.

Arestian Munichen berregin dute duela bi urte Alaskako Anchoragen ikusi genuen hura bera. Protagonistak, bertsuak. Alde batetik, orduan bezala, Anthony Blinken, AEBetako Estatu idazkaria ez ezik benetako presidentea, gai horietarako. Bestetik, Wang Yi, Alaskan Yang Jiechi-ren alboan eseri zena eta, XX. Kongresuaz geroztik, haren lekua hartu duena Politburoan. Ezin esango da elkar ezagutzen ez dutenik.

Oraingoan, Blinkenek iskin egin dio bilkuraren atarian prentsaren aurrean aitzinsolasa antzeztuz Alaskan egin zuen hanka sartzeari. Baina emaitza ez da apenas aldatu: eraitsitako globoaren inguruan Estatu Batuek erakutsi duten jarrera «histerikoa eta indarra gehiegikeriaz erabiltzekoa» izan dela esanez sartu zen Wang Blinkenek deitutako bilerara. Eta barruan, antza denez, solasa ez zen gozoagoa izan, ostean alde bakoitzak adierazi duena aintzat hartzen badugu. Talka, beraz, argi baino argiagoa da bi handienen artean.

Gauzak ez daude Biden eta Xiren artean Balin irudikatu zen goxotasun itxura haren aurretik bezala, ez. Dezente okerrago daude. Pelosik Taiwanen egindako sartu-irtenaren biharamunean bezain gaizki, edo okerrago. Eta orain ez dago Anchoragen balia zitekeen berritasunaren aitzakia. Berehala etor daitekeena gehitzen badiogu...

Ez baita ahaztu behar K. McCarthy, Ordezkarien Ganberako speaker errepublikanoak ere aspaldi iragarri zuela Taiwanera joan eta kukurruku egiteko asmoa. Ondoren, azeriak oilategian egin dezakeena ez dela bere arazoa pentsatuko du.

Edo bere trenak talka egiten badu, irabazten aterako dela.

Bilatu