Afrikan bai, baina handik kanpora apenas eduki duten oihartzunik William Erresuma Batuko bigarren erregegaiak pasa den astean egin zituen adierazpenek. «Afrikako basa-biziak eta basa-inguruneek giza populazioaren hazkundearen eraginez jasaten duen presio gero eta bortitzagoak erronka ikusgarria dira kontserbazionistentzat», aipuak laburbilduko luke harrabotsaren mamia.
Esan gabe doa, a) esalea ez dela pello arlotea, ezta mutikoa ere (40 urte beteko ditu datorren urtean); b) ekitaldi arranditsu batera idatziz eramandako adierazpenak zirela; eta c) ez dela lehendabiziko aldia horrelako zerbait dioela. Hainbat albotatik heldu zaizkio kritikak Windsor “gazteari”. Afrikako populazio-hazkundearen eta basa-habitaten suntsipenaren artean ezartzen duen ekuazio horren egiatasunaren ingurukoak izan dira gehienak; baina feminismoaren ikuspuntutik ere egin zaizkio beste batzuk.
Adierazpenak aditu nituenean, niri, ordea, Madison Grant etorri zitzaidan burura supituan. Harenak izan zitezkeen, bere horretan, hitz horiek. Eta ez nuke apusturik egingo oso antzeko zerbait noiz edo noiz ez ote zuen esan edo idatziko. Ezingo dugu jakin, ordea. J. Spiro, haren biografoak ederki kausitu zuen bezala, Granten idazki gehienak desagertuta baitaude. Horregatik dirudi Trumpek zerbait berria asmatu duela. Eugenesiaren eta naturaren kontserbazionismoaren aitzindari nagusietako bat izan zela Grant, esango dizute ohiko iturriek. Letra xeheagoa irakurtzeko beta hartzen baduzu, ikasiko duzu duela ehun urteko Ameriketako Estatu Batuetan “arraza nahasketaren” eta immigrazioaren aurkako legeen sustatzaile arrakastatsuena izan zela. Basa-naturaren zaindari sutsuena ere bai. Eta “arrazismo zientifikoa” deitu denaren bene-benetako aita: «Nire biblia da» esan ohi zuen Hitlerrek Granten “The passing of the master race” obraz. Ziur nago pozik ez, berraragiztatuta sentituko litzatekeela Grant, beretzat “arraza nordikoaren” eredu ezin hobea izango litzatekeen William Windsorren adierazpenak entzunda.
Bizi-bizirik dago Madison Grant
Duela ehun urteko Ameriketako Estatu Batuetan «arraza nahasketaren» eta immigrazioaren aurkako legeen sustatzaile arrakastatsuena izan zen Grant. Basa-naturaren zaindari sutsuena ere bai
