Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Boikota, atera eta errematatu

Eta temakeria horren sakoneko zergatia etxe-etxeko zioa da: erakustea Biden administrazioa izan daitekeela Trumpena bezain gogorra edo gogorragoa Txinarekin…

Azken aste hauetako futbol-sukarrak gure nerabezaroko mitoetako batek –kornerrak atera eta bidalitako baloia errematatzera ziztuan joaten zen hegaleko ezkerrak– bizirik ez ezik, sasoitsu irauten duela jakiteko balio izan dit. Eta, bidenabar, Blinken Estatu-idazkariari noren tankera hartzen diodan ohartzeko.

Izan ere, lehen ehun egunak betetzear den Biden administrazioak munduarekiko harremanetarako izendatu zuenari bi gauza ezingo zaizkio ukatu: korrika egiten duela eta aurkariaren atea non dagoen badakiela. Gainerako guztia hobetu litekeela esango nuke.

Aurkaria, noski, Txina da. Eta etengabeko joan-etorrian eman dituen aste hauetan, hutsik egin gabe jarri die mahai gainean “txinatar erronka” Blinkenek bere solaskide guztiei: Quad-eko leialei, NATOko zordunei, Indo-Pazifiko interesdunei, ASEANeko epelei… Monotema duela Txina Blinkenek, esan liteke. Eta temakeria horren sakoneko zergatia etxe-etxeko zioa da: erakustea Biden administrazioa izan daitekeela Trumpena bezain gogorra edo gogorragoa Txinarekin… harrabots gutxiagorekin eta eraginkortasun handiagoarekin.

Ikusteke dago asmo horren arrakasta; oraingoz ikusi den gauza bakarra baita bota zaizkion baloi guztiak –Wuhango ikerketa, Xinjiangeko “genozidio” eta “bortxazko lanak”, Hong Kongeko errepresioa, Taiwani mehatxuak– urrundu egin dizkiola aurkariaren defentsak. Estutasun apartarik gabe, gainera, gehienetan.

Agian, horregatik, istorio horien guztien atzean aspalditxotik dabilen jokaldia ere zelairatu beharrean aurkitu da Blinken: datorren urtean Txinan egitekoak diren Neguko Joko Olinpikoei boikota egiteko aukera. “Oraindik” azterkizun omen dagoena. Bere bulegotik ez beste nonbaitetik abian jarritako pilota balitz bezala.

Tira, futboleko kornerretan bezala, ateratzen duena bizkor ibiltzea ez da nahikoa gola sartzeko; beste norbaitek ukitu behar du aurretiaz baloia, hark ezer egin ahal izateko. Eta Estatu Batuak ez dira nor neguko kiroletan. Gero, gainera, aurkariaren defentsa ere han dabil.

Bilatu