Blinken estatu idazkaria Seulen bisitari dela, normala litzateke Hego Koreak bizi duen kinkan Estatu Batuek jokatzen duten paperaz geure buruari galdera egitea. Gertatuak ikertzeko hango parlamentuak antolatu duen batzorde bereziaren burua den Ahn jaunak arestian zioen bezala, “matxinada ez da amaitu” deritzogunontzat, galdera hori normala baino gehixeago, ezinbestekoa da. Eta Yoon presidente matxinoa atxilotzeko saio antzutuaren inguruan ikusi denaren karira, galdera, agian, birformulatu egin beharko genuke: zeinen alde jokatu-jokatzen-jokatuko dute Estatu Batuek? Ez baitago batere argi.
Abenduaren 3-4ko kolpe saioaren ondorengo orduetan, Hego Koreako demokraziarekin “iron-clad” aliantza omen duen Biden administrazioak gerra egoeraren aldarrikapena indargabetu izana txalotu egin zuen... baina estatu kolpeari izen hori eman eta kolpistak maiseatu gabe. Eta, egia balitz, nekez egingo zatekeen aitorpena eginez: Estatu Batuek ez zekitela ezer aldez aurretik. Benetan sinetsi behar ote da hori Blinken bera Yoonekin urtebeteren bueltan bi aldiz; Paparo almirantea Kim, Defentsa ministroarekin, beste bitan gutxienez; eta LaCamera jenerala batekin zein bestearekin batek daki zenbat aldiz bildu direnean. Horren zuhurrak ote dira korearrak edo/eta horren inozoak estatubatuarrak? Solaskide horiexek baitziren kolpea prestatzen ari zirenak, bertako fiskaltzak dioenez. Estatu Batuak horrelako txipiroi jokoetan ikusten ohitu samar gaudenoi ere kostatu egiten zaigu, ordea, Yoonen kolpe saioaren atzean Sam osabaren eskua susmatzea... tinda-gandu artean “desindustrializazioaren txipiroia” igartzen dugun arte.
Azken urte hauetan AEBetako ontzigintzaren erabateko gainbeheraren aurrean itsas-armada estatubatuarraren planifikatzaileen deiadarrak aditu dituenak, haatik, bat-batean ulertzen du zer duen, desiragarria ez ezik erabakigarria, Hego Koreak Estatu Batuentzat. Txinatik kanpo munduan geratzen diren ontziola nagusiak. Ia bakarrak ez esatearren.